Udako jaiak 2019

Pititolo kuadrilla, iazko saninazioetako irabazleak: "Garaikurrak ez du gure erritmoa aguantatu"

Iker Rincon Moreno 2019ko uzt. 26a, 13:05

Pititolo kuadrilla, mozorrotuta iazko jaietan. © PITITOLO

Pititolo kuadrilla 24 eta 27 urte arteko hamabi mutil inguruk osatzen dute. Joan den urtean, kuadrilla-txapelketa irabazi zuten, Algortako San Inazio jaietan, festetako proba-lehiaketan izen horregaz parte hartzen zuten lehenengo aldian, hain zuzen ere. Kontuak hala, 2019ko pregoia irakurriko dute, Getxo Rugbyko neskek jaiei hasiera emango dien txupina jaurti aurretik.

Gogotsu ospatuko zenuten iaz kuadrilla-txapelketa irabazi izana, ezta?

Gehiegi agian... Kuadrilla-txapelketan irabazi genuen garaikurrak ez zuen gure erritmoa aguantatu.

Zeintzuk izan ziren irabazteko gakoak?

Hasiera batean ez genuen irabazteko espektatibarik, baina jaitsiera irabazi genuela konturatu ginenean hurrengo probak gogotsuago hartu genituen, betiere garrantzia ondo pasatzeari emanda.

Aurten pregoia irakurriko duzue, zer mezu helarazi gura duzue horregaz?

Jaietan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu kuadrilla guztiak, generazio berriak zein betikoak. Jaiak, jai bereziak eta herrikoiak bihurtzea gure esku dago.

Aurten ere irabazteko asmorik duzue?

Ez da gure helburu nagusia, baina saiatu beharko dugu.

Zer nabarmenduko zenukete Algortako San Inazio jaiez?

Egunean zehar egoten diren ekintzak, probak eta bazkariak. Giro polita egoten da eguneko 24 orduetan.

Zeintzuk proba dira gustukoen dituzuenak?

Tortillak eta kuadrillen jaitsiera, zer edo zer esatearren. Egia esan berdin zaigu zein proba egin, berdin-berdin disfrutatzen ditugu.

Zer nahiago duzue jai horietan, eguna ala gaua?

Gutako gehiengoak eguna nahiago dugu; hala ere, gure artean badago bihurriren bat ere, eta nahiago dute gau-giroa.

Zelan baloratzen duzue festak prestatzen dabilen jai-batzordearen lana?

Lan paregabea egiten dabiltza. Egia esan, orain dela ez horrenbeste urte, Algortako jaiei ez genituen gogo handiz itxaroten, baina azken urte hauetan gauzak aldatu egin dira eta jai-batzordearen lanak horrekin zerikusi handia izan duela uste dugu.

Pertsona gutxik parte hartzen dute batzordean. Etorkizun hurbilean zuen burua ikusten duzue jaiak antolatzen?

Asko zor diegu jai-batzordean dabilen jendeari, baina ez dugu gure burua ikusten horretan parte hartzen. Lan-karga handia da eta hori arintzeko beharra dutenean laguntzeko prest egongo gara, baina ez partaide izateko.

Egun horietan Algortara hurbilduko direnei zer esango zeniekete?

Berandu ez etortzea, txosnek ez baitute berandura arte irauten zabalik.

Zer esango zeniokete Getxoko Udalari txosnak beranduagora arte zabaltzeko baimena eman dezan?

Gure ustez, herri hau ez dago gazteentzat prestatuta, inola ere. Gazte asko gara, eta herrian bertan parranda egiteko gogoa daukagula argi dagoen arren, urtean zehar parranda on bat egiteko beti Bilbora joatera behartuta gaude. Hori dela eta, uste dugu Algortako jaietan gutxienez parranda luzea herrian egiteko aukera eduki beharko genukeela. Badakigu ere, lo egin behar dutenentzat ez dela erreza, baina urtean bost gau izanda ez dugu uste horrenbesterako denik...

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun