Esklerosi Anizkoitzaren ondorioak agerian ipintzeko kanpaina EAEko 80 udalerri baino gehiagotako igerileku eta hondartzatara heltzen da. Hogeita bigarren edizioa da aurtengoa, eta elkarretaratze nagusia Algortan zuten atzo, Ereagako hondartzan.
Besteak beste, Nekane Murga Osasun sailburuak, erakunde publikoetako beste zenbait ordezkarik eta Gurutzetako, Basurtuko eta Galdakaoko ospitaleetako neurologia-taldeetako kideek (horiek dira gaixotasuna dutenakaz egunero lanean ibiltzen direnak) sartu-irtena egin zuten uretara. Ondoren, Murgak adierazi zuen "Osakidetzak eta Osasun Sailak esklerosi anizkoitzaren kontrako borrokarekin duten konpromisoari eusten diotela, eta horretarako, une bakoitzean dauden medikamentu aurreratuenak sartzen dituztela, estatu- eta nazioarte-mailan saiakuntza klinikoetan parte hartzen dutela eta zenbait ikerketa-ildo finantzatzen dituztela".
100.000 biztanleko 120 pertsona ingururi eragiten dien endekapenezko gaitz larria da esklerosi anizkoitza. Emakumeengan intzidentzia handiagoa du gizonengan baino. Osasun Sailak adierazi du gaur egun milioi bat euro bideratzen dituela patologiari aurre egiteko 50 ikerketa-proiektu baino gehiago finantzatzera. Gaixotasunaren jatorria, dietarekiko eta tabakoarekiko zerikusia eta gazteengan duen intzidentzia aztertzen dabiltza, besteak beste, EAEko hainbat ikergunetan.