Udako jaiak 2019

Areetarrak ere ospakizunez gozatzeko gogoz eta prest daude

Erredakzioa 2019ko uzt. 18a, 08:30

Adin eta gustu denetarako egitaraua prestatu dute aurten ere.

Areetako Santa Ana auzoan ere dena prest izango dute honezkero, bertoko jaiak uztailaren 19tik 21era arte izango dira eta. Bertoko jai-batzordeak adin eta gustu guztiei begirako ekitaldiak antolatu ditu.

Areetako Santa Ana auzoa festaz jantziko da uztailaren 19tik 21era bitartean, iazkoaren oso antzeko egitarau bategaz. Egun horietan, bertakoak diren denentzako eta kanpotik doazenentzako ekitaldi ugari egongo dira, umeentzat, gazteentzat zein helduentzat. Jaiak barikuan hasiko dira, uztailaren 19an. Arrastiko 19:00etan izango da txupinazoa, baina hori baino lehenago, 17:00etatik hain zuzen, neska-mutilek puzgarri eta bestelakoetan jolasteko aukera izango dute, baita zapatuan (goizez zein arrastiz) eta domekan goizean ere.

Suziria amatatu bezain laster buruhandiak kalerik kale ibiliko dira, han eta hemen harrapatuko dituztenak astintzeko asmoz. Iluntzeko 20:30ean sardina-janaz tripak ase ahal izango dira, eta gero Yao! taldearen doinuak entzungo dira Santa Ana enparantzan. Haien ostean musikak jarraitu egingo du, disko-festa izango baita ordu txikietara arte. 

Ohiko ekitaldiak

Hurrengo egunean, zapatuan, Magic karta-jokoan lehiatzeko aukera egongo da 10:00etan, eta ondoren, euskal dantzen ohiko erakustaldia egingo du Berantzagi taldeak, 13:00etan. Bitartean, umeak jolas-gunean ibiltzeko modua izango dute, eta bazkalordura hurbiltzean tortilla-txapelketaren tartea ailegatuko da.

Arrastian, Areetako Santa Ana auzoan ezinbesteko hitzordu bihurtu diren lehiaketa bitan parte hartu ahal izango dute bertara joaten direnek. Igel-tokan eta txapel-jaurtiketan, hain zuzen ere. Bitartean, magia-erakustaldiaz gozatu ahal izango dute txikienek, arrastiko 19:00etan. Gaua ailegatzean, 22:30ean, La Tokokera eta Kulto Kultibo taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, baina horren aurretik indarra hartzeko aukera egongo da saiheskia janez.

Domeka, ur eta bits artean

Jaietako azken eguna hasteko hiruko futbolean lehiatuko dira hainbat eta hainbat, goizeko 11:00etatik aurrera. Ordubete geroago, berriz, gorputzari astindua emateko bestelako modua egongo da, zumba-saioaren bitartez. Eta horren ostean, bezperan bezala, beste lehiaketa gastronomiko bat. Paellarena, kasu honetan.

Bazkalosterako tarteak 17:00ak arte iraungo du, eta orduantxe izango da bustitzeko momentua, ur-guda ailegatuko baita. Ordu erdi geroago, berriz, bitsaren festaz gozatu ahal izango dute umeek eta hain ume ez direnek. Behin eguzkiak lehortuta (eguraldiak lagundu egingo duela espero dezagun), herri-kirolen erakustaldia ikusteko parada egongo da, eta ostean, 19:30ean, jaietan egindako lehiaketen sariak banatuko dituzte. Irabazleek karaokean kantatuz ospatu ahal izango dute garaipena 20:00etan, eta galtzaileek modu berean kontsolatuko dute euren burua beharbada. Azkenik, urteroko ohitura den legez, zine-emanaldi batez igaro ahal izango dira jaietako azken momentuak.

Areetako Santa Ana jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun