"Ikusi barik ezin da seguru esan, eta ez dut ikusteko aukerarik izan, baina seguru nago obus hori Gerra Zibila baino geroagokoa dela", dio Iñaki Libano Edestiaurre Arkeologia Elkarteko presidenteak. Libanoren esanetan, Gorrondatxe-Azkorriko eremua armadaren eta Guardia Zibilaren entrenamendu-esparrua izan zen luzaroan 50eko hamarkadatik 80kora gutxi gorabehera, eta aldiz, gerra-garaian inguru lasaia izan zen, borrokarik gabekoa.
Francoren gudarosteak Gamiztik sartu ziren Bilborantz, eta beraz Gamiztik Sopelara bitarteko errepublikazaleek hortik atzera egin zuten, Libanok azaldu digunez. Bestela esanda, oso kasualitate handia izango litzateke Gorrondatxen agertutako obusa gerrakoa izatea, nahiz eta adituak, arma ikusi barik, ez duen erabateko segurtasunez ezer adierazi izan gura. "Ondo legoke lehertu aurretik irudia zabaldu izan balute, ikerlariok ikusi ahal izateko".
Libanoren berbetan, mota denetako munizioz beteta dago Azkorri, hamarkadetako jarduera militarren ondorioz: "Hareak denboraz estali egiten ditu, eta gero, urteak igarota, marea biziek berriro azaleratu ditzakete".