Donostiarra txapeldunen zerrendara gehitu da

Erredakzioa 2019ko uzt. 29a, 10:28
Orio Babyauto ikurrinagaz, atzo, Getxoko uretan. © EUSKO LABEL LIGA

Torrekua II taldearentzat izan da Getxoko Estropaden XLI. Ikurrina - J.A. Agirre Lehendakariaren XV. Omenaldia; hala, donostiarrek Eusko Label Ligako lehenengo garaipena eskuratu dute. Euskotren Ligan, berriz, Orio Babyautok eraman du Getxoko XI. Ikurrina.

Donostiarrak bigarren txandatik estropada biribila egin zuen atzo Getxon jokatu zen estropadan. Torrekuak 19'55"78ko denbora egin zuen eta txandako aurkariak goitik Behera menderatu zituen. Eusko Label Ligako sailkapen nagusiari dagokionez, Orio Babyautok lidergoan jarraitzen du 133 puntugaz, eta Santurtzi Iberdrola bigarren sailkatuari 16 puntuko aldea ateratzen dio. Bestalde, CaixaBank Patroi Onenaren Sarian Arkaiz Diaz Donostiarrako lemazainak segitzen du lehenengo postuan, eta Iñaki Goikoetxea Lekittarra Elecnorreko patroiarekiko lau puntuko abantaila du.

Donostiarrak bigarren txandatik egin zuen estropada bikaina izan zen. Hasieratik estropada burua hartu zuen eta amaiera arte maila oso ona eman zuen. Helmugan Torrekua II.ak 19'55"78ko denbora egin zuen eta Urdaibai Avia txandako bigarren sailkatuari 10" atera zizkion. Zazpigarren postuan amaitu zuen Cabok atzoko estropadan irabazleengandik 24"ra geratuta, eta Ondarroa, aldiz, bederatzigarren lekuan geratu zen 20'25eko denbora eginez.

Hirugarren eta ohorezko txandan lehia bizi bizian egon zen Orio Babyauto, Santurtzi Iberdrola eta Go fit Hondarribiaren artean. Bigarren zatitik aurrera, ordea, "San Nikolas" ontziak aldeak handitu zituen eta amaiera arte jazarpen proba egin zuen Donostiarren denbora erreferentzi modua izanda. Helmugan ordea, Torrekuarengandik segundo bakarrera geratu zen, eta honela, bigarren postuan amaitu zuten Salsamendiren mutilek. Txandako bigarren postua Soterarentzat izan zen oriotarrengandik 8"ra geratuta. Go fit Hondarribiak bosgarren lekuan amaitu zuen irabazleengandik 15" galduta, eta Zierbena Bahias de Bizkaia, ordea, zortzigarren posturaino erori zen 28" galduta.

Lehen txandan Kaiku nagusitu zen 20'14"ko denbora eginda eta, hala, seigarren postua eskuratu zuen "Bizkaitarra" ontziak. Hamargarren postua Astillero Electricidad y Gasentzat izan zen, Kaikurengandik 13"ra geratu ostean. Hamaikagarren postuan, berriz, San Pedrok amaitu zuen 19"ra helmugaratuta eta atzoko azken postua Lekittarra Elecnorrentzat izan zen, 20'53"ko denbora eginda.

Asteburu biribila Orio Babyautorentzat

Denboraldiko bederatzigarren garaipena eskuratu zuen atzo Orio Babyautok, eta hala, Txiki ontziak Getxoko XI. Ikurrina eraman zuen 10'47"ko denbora burututa. Donostia Arraun Lagunak izan zen bigarren oriotarrengandik 8 segundora eta hirugarren postuan, berriz, Donostiarra taldea helmugaratu zen, 11 segundora. Atzoko talderik apalena Hondarribia Bertako Igogailuak izan zen irabazlearengandik 32" galduta. Hartara, Euskotren Ligako sailkapen nagusian Orio Babyautok lidergoa sendotu du; momentu honetan, oriotarrek 39 puntu dituzte eta Donostia Arraun Lagunaki zortzi puntuko aldea ateratzen diote. Bestalde, Patroi Onenaren Sariko sailkapenean ez dago aldaketarik; Nadeth Agirre Orio Babyautoko lemazainak segitzen du lehen postuan 22 puntugaz eta Andrea Astudillo "Lugañeneko" patroiarekiko 7 puntuko abantaila du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun