Aurtengo zirkuituak berrikuntza interesgarriak ditu eta talde eta lasterkari oso onak etorriko dira. Beraz, Amaia Agirre Getxoko alkateak adierazi duenez,“etengabeko berrikuntza horrek kirol proiektu solidoak erakusten dizkigu, Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak defendatzen eta aurrera eramaten dituen bezalakoak. Badakigu kirola gure udalerriaren identitate-ezaugarria dela. Urtean zehar antolatzen diren ehunka ekitaldiren atzean era eskuzabalean egindako ordu asko daude, pertsona ugari haien onena ematen. Lan itzel horren azpian gurea bezalako gizartearentzat preziatuenak diren balioetako batzuk aurkitzen dira; hala nola, bikaintasuna, exijentzia eta komunitatearen aldeko lan desinteresatua. Beraz, asko eskertu behar diogu kirolen elkarte-ehunari. Eta, bereziki, bidea markatzen duela hamarkada asko hasi zinetenoi, haizea alde edo kontra izan, pedalei eragiten diezuenoi, urtero, uztailaren 31n, Getxon txirrindularitzaren jaia egin dadin”.
85.000 euroko aurrekontuagaz, Getxoko nazioarteko txirrindularitza proba Nazioarteko Txirrindularitza Elkartearen (UCI) egutegian mantentzen da. Saritan 14.500 euro inguru banatuko dituzte.
Mikel Guinea Punta Galeako presidenteak, bestalde, aurtengo berrikuntza nagusia azaldu du: “Zerbait diferentea egin nahi genuen, erakargarriagoa, berria eta modernoa, baina gure sustraiak ahaztu barik. Aldatu nahi genuen baina garrantzitsuenari eutsiz: hiri-zirkuitua dela eta herriaren lasterketa dela; lasterketa hau jendearena eta herriko jendearentzat da”.
Lasterketa
Lasterketa 09:00etan hasiko da Getxoko epaitegien aurrean, bertan egongo baitira kokatuta ibilbide berrituko irteera eta helmuga. Ibilbidea Jonathan Castroviejo txirrindulari getxoztarrak diseinatu du, hemendik aurrera probaren kirol-aholkularia izango denak. Berrikuntza moduan, 192 kilometroko ibilbidean Unbeko gaina igoko da Leioako unibertsitatearen aldetik, udalerriko erdiguneko kaleetan zehar igarotzeaz gainera. Guztira, tropelak 8 bira eman beharko dizkio 24 kilometroko zirkuitu berriari.
Edizio honetan ondorengo taldeek parte hartuko dute: Movistar, Caja Rural, Burgos, Polartec-Kometa, Euskadi, FC Oporto, Euskadi Murias, Guerciotti-Kiwi Atlántico, Delko Marseille Provence, Vital Concept, 303 Proyect, Massi Vivo Grupo Oresy, Vito Feirense, Vib Sports eta Interpro Cycling Academy. Aurrez izena emandakoen artean, Giroaren azken irabazlea aurkitzen da, Ekuadorreko Richard Carapaz lasterkaria, Movstar taldekoa.
Aurten, lasterketaren ohorezko zuzendaria Marcel Wüst alemaniarra izango da, 1998ko edizioan Getxon txapeldun izandakoa eta sprinter ospetsua, etapako garaipen ugari dituena, bai Espainiako Vueltan, bai Italiako Giroan, baita Frantziako Tourrean ere.
Getxoko Udaltzaingoak trafikoan neurri bereziak hartuko ditu bezperan eta lasterketa eguneko goizean, segurtasuna bermatze aldera.
Zirkuituari eta trafikoaren inguruko xedapen bereziei buruzko informazio gehiago: www.puntagalea.com web orrialdean.