Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Getxon, Algortako etxebizitza batean adingabea den neska bati sexu-abusua egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Zapatuko 05:30ak aldera atxilotu zuten ustezko erasotzailea; bitartean, erasoa pairatu zuen emakumea Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten.
Gizonezkoa aske gelditu da, baldintzapean, epailearen aurrean deklaratu ostean.
Getxoko Udalaren adierazpen instituzionala
Udal talde denek aho batez adostu duten adierazpen instituzional batean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "gaitzespenik irmoena" agertu du, eta "genero desberdintasunean oinarritutako jarrera sexista guztiak" deitoratzen dituela azpimarratu du.
Gainera, Bozeramaileen Batzordeak “elkartasuna” adierazi dio erasoa jasan duen adingabeari, eta, aldi berean, babesa eskaini dio. “Berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lanean” jarraituko duela jakinarazi du Udalak, “zeinean emakumeek askatasunez erabaki ahal izango duten norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten harreman sexualak, eta non, azken batean, bere borondatea erabat errespetatua izan dadin ".
Era berean, Bozeramaileen Batzordeak getxoztar denei dei egin die "emakumeen kontrako eraso ororen aurka egin dezaten eta emakumeak iraintzen dituzten eta eraso sexistak bultzatzen dituzten jarrerak onar ez ditzaten”.
Udalak elkarretaratze instituzionala deitu du gaurko, martitzenerako, 12:00etan, udaletxeko eskaileretan, eta dei egin die herritarrei mobilizazio isila egiteko, 19:30ean, Telletxe kaleko puntu morean.