New Yorken bizi zen Algortako kazetari bat hil da, auto batek harrapatuta. Semaforoa gorriz zegoela, abiadura handian aurrera egin duen auto batek beste baten kontra talka egin du, eta, ondoren, bizikletan zihoan getxoztarra harrapatu du. Larrialdietarako zerbitzuak bertaratu dira, baina ezer gutxi egin ahal izan dute, bertan hil baita.
Gizonezkoak 52 urte zituen, eta Brooklynen bizi zen 90eko hamarkadatik. Kazetaria ekonomiari lotutako infomazioan aditua zen, Wall Street Journal egunkarian egiten zuen lan, eta triatloizalea zen. Senideak AEBra joan dira ikerketen nondik norakoak bertatik bertara ezagutu eta gorpua jasotzera, El Correo egunkariak zabaldu duenaren arabera.