Izar Gospel Unity abesbatzak azaltzen duenez, taldeka abesteak onura "ikaragarriak" dakartza norberaren ongizate fisiko, kognitibo eta emozionalerako: "Hasteko, arnasketa hezi eta geldiagotzen du, eta horrek funtzio kardiobaskularra hobetzen du. Endorfinak sortzen ditu, eta nerbio bagoa edo nerbio pneumogastrikoa aktibatzen du, estres eta antsietatea gutxituz. Bestalde, oroimena eta kontzentrazioa lantzen ditu. Eta, azkenik, duda barik, taldeka abesten dugunean enpatia sustatzen dugu, elkarkidetza konpetentzia garatuz".
Hori dena edozein musika-taldetan betetzen bada ere, Gospel abesbatzetan areagotzen dela dio taldeak: "melodiez gainera, txaloak, gorputz-mugimenduak eta deia-erantzun formako kantuak gehitzen dira, espiritualitate sakona edukitzeaz aparte. Horrek denak katarsia, tentsioak askatzea, talde-sentimendua eta emozio-sintonia eragiten du".
Izar Gospel Unity abesbatza
Ramón Escalék zuzentzen du abesbatza hori; musikagilea, piano-jolea, zuzendaria eta Gospel inguruaren eragilea da munduan zehar. Hala, horregaz batera Gospel Eskola eratzea da euren helburua aurten: "Gospel generoa lantzeko, eta nahi dutenen formakuntza musikala osatzeko, 'Erritmoa eta mugimendua', 'Ahots-teknika', 'Adierazte-teknikak', 'Ingelesa Gospelera moldatua', 'Inprobisazioa' edo 'Gospelaren historia eta jatorria' ikasgaiekin".
Hala, eskola berri horren aurkezpena egiteko, ekimen ireki eta berezia antolatu dute datorren irailaren 14rako Romo Kultur Etxean. Gospel Open Class izeneko saioa 11:00etatik 14:00etara egingo dute, eta gura duen orok parte hartu ahal izango du. Aldez aurretik izena eman beharko dute.