Askotariko doinuen agertokia izango da Getxo irailaren 5etik 8ra

Erredakzioa 2019ko abu. 29a, 11:03
The Naghash Ensemble taldeak emango die hasiera saio nagusiei. © GETXOKO UDALA

Irailaren 5tik 8ra bitartean izango da Getxoko 35. Nazioarteko Folk Jaialdia. Ohi legez, aniztasuna izango da nagusi musika-eskaintzan eta saio nagusietan Mariza fadista portugaldarra, Naghash Ensemble armeniarrak, Marta Gómez kantautore kolonbiarra eta Skerryvore folk-rock talde eskoziar gaztea nabarmendu behar dira. Horiez gain, doako beste sei saio izango dira eta baita kaleko banden desfileak.

Areetako Xake plazan izango dira saio nagusiak. Bertan ere, gobernuz kanpoko erakundeen eta askotariko elkarteen postuak bilduko dituen Gune Solidarioa kokatuko da eta, Ibaiondo kalean, Munduko Eskulanen Azoka. Azkenik, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan, Munduko Terrazan, gaueko saioak (23:00) eta familiarentzako jarduerak izango dira.

The Naghash Ensemble taldeak emango die hasiera saio nagusiei irailaren 5ean, eguenean. Ahots eta musika-tresna zaharrak uztartzen dituen talde armeniar horrek XV. Mendeko poemak berreskuratu eta musika jarri die “Songs of Exile” izeneko proiektua sortuta. Bere saioan, Alos Quartet euskal taldeak ere parte hartuko du gonbidatu gisa. Hurrengo egunean, barikuan, Marta Gómez kantautore kolonbiarra jardungo da Ramón Ruibal musikari cadiztarragaz elkarlanean. Hirugarren egunean, irailaren 7an, Mariza fado-abeslari famatua jardungo da eta, domekan, Skerryvore talde eskoziar gazteak itxiko ditu ordainezko kontzertuen egitaraua bere folk-rock doinuakaz.

Arrastiko kontzertuetan ere jaialdiak askotariko eskaintza hartuko du. Eguenean, Alos Quartet (18:00) harizko instrumentuen taldeak “Lau” bere azken lana aurkeztuko du lehenengo aldiz. Biharamunean, barikuan, cuatro musika tresna izango da protagonista, C4 Tríoren eskumenez. Aste-akabuan, zaleek Gwennyn (zapatua, 19:00) folk bretoiaren ahots bikainaz eta McOnak (domeka, 18:00) euskal taldearen jai-doinuez gozatzeko aukera izango dute.

Azkenik, Munduko Terrazako saioetan (23:00), Masiompa talde getxoztarraren fusio-soinuak izango dira protagonista barikuan eta, zapatuan, Ugandan Sticks & Tambores de Ruanda taldeak Afrikako erritmo eta dantza tradizionalak gerturatuko ditu Getxora. Ohi bezala, familiarentzako jarduerak ez dira faltako jaialdian; barikuan, “Honolulu” musika-ikuskizuna izango da eta biharamunean, zapatuan, Ukedada izeneko ukeleke tailerra-topaketa. Azkenik Eskozia, Frantzia, Nafarroa eta Bizkaiko bandak ibiliko dira Areetako kaleetan zehar 19:30etik aurrera. Barikuan, desfilea 20:30ean hasiko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun