Hainbat hedabidek zabaldu dutenaren arabera, Estatu frantsesa Espainiako Estatuagaz akordio batera heldu da eta Txeroki behin-behinean estraditatuko dute datorren irailaren 2an, Jose Maria Lidon magistratuaren hilketaren harira epaitzeko. Judizioaren ondoren Frantziara bueltatuko da.
Jose Maria Lidon Corbi Bizkaiko Auzitegiko Bigarren Aretoko epailea Algortako bere etxeko garajean hil zuen ETAk 2001eko azaroaren 7an. Polizia iturriek bere garaian zabaldu zutenez, Hodei Galarragari eta Egoitz Gurrutxagari leporatu zieten Lidon hil izana; izan ere, 2002ko irailaren 24an Bilboko Basurtu auzoan horiei ustekabean eztanda egin zien kotxean Lidon hiltzeko pistola atzeman zuten.
Bestalde, Lidonen hilketa burutzeko informazioa bildu zuelakoan, Orkatz Gallastegi berangoztarrari 26 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2005ean. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hainbatetan salatu du berangoztarraren kontrako frogak zalantzazkoak direla eta epaiketa "muntaia" izan zela; era berean, Gallastegi zigortzeko deklarazioak "torturapean" eman zirela deitoratu dute behin baino gehiagotan. Urtzi Murueta leioaztarra ere auzipetu zuten hilketa horren harira; hala ere, epailearen hilketagaz zerikusirik ez zuela izan berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.