Garbikerren Garbigune mugikorra Algortako Telletxe plazan egongo da irailaren 2tik 6ra

Iker Rincon Moreno 2019ko abu. 30a, 09:07
Garbikerren garbigune mugikorra, artxiboko irudian. © GARBIKER

Datorren astean, irailaren 2tik 6ra, astelehenetik barikura, Garbiker elkartearen Garbigune mugikorra egongo da Algortako Telletxe plazan. Zerbitzu horren helburua da birziklapenaren kontzeptua herritarrentzat errazagoa eta hurbilagoa egitea. Izan ere, asmoa da ohiko garbiguneetara joateko aukera emateaz gainera, udal-mugarte barruan bertan ere, udalerriko erdigunean, egin ahal izatea.

Garbigune mugikor horrek, Getxoko Udaleko Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitaterako Arloak aspaldi eskaintzen duen Garbigune mugikorraren zerbitzua indartuko du, udalerriko zenbait tokitan astean zehar eskaintzen dena; bere helburua da etxean sortutako hondakin arriskutsuen eta arriskutsuak ez diren tamaina ertaineko hondakinen bilketari estaldura handiagoa ematea.

Zerbitzua eguaztenetik domekara ematen da, honako ordutegi hauetan:

  • Gobelaurre parkean, eguaztenetan, 17:30etik 21:00etara.
  • Salsidu-Ollarretxe kaleetan, eguenetan 10:00etatik 14:00etara.
  • Gernika parkean, eguenetan 17:30etik 21:00etara.
  • Andra Mari kiroldegian, barikuetan 10:00etatik 14:00etara.
  • Areetako Xake plazan, barikuetan 17:30etik 21:00etara.
  • Algortako Telletxe plazan, zapatuetan 10:00etatik 14:00tera.
  • Bidezabalgo anbulatorioan, zapatuetan 17:30etik 21:00etara.
  • Iturgitxi-Basarrate kaleetan, domeketan 10:00etatik 14:00tara.

Gogoratu, bestalde, Aiboan Garbigune iraunkorra dagoela, aste osoan zabalik dagoena: astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara; eta zapatu eta domeketan, 09:00etatik 13:30era.

Garbikerren Garbigune mugikorrean utz daitezkeen hondakinak era askotakoak dira: elektro-tresna txikiak, sukaldeko tresnak, etxeko olioa (ontzi itxietan), sakelako telefonoak, kableak, pintura eta disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, toner eta tintazko kartutxoak, metalezko eta plastikozko kapsulak, pilak, CD, DVD eta kaseteak eta erradiografiak.

Udalerrian dagoen bitartean, hondakinak eguneko edozein ordutan utzi ahal izango dira bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun