Getxoko Udalak lehiaketara atera ditu Usategiko behatokian igogailu bertikal bat eraikitzeko lanak, "etengabeko irisgarritasunaren eta oinezkoen mugikortasunaren alde, eta Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planaren barruan", udal-arduradunek azaldu dutenez. Genaratxuko bidea eta Usategiko parkearen artean dagoen sei metro inguruko aldea gaindituko du igogailuak, bakarrik oinezkoentzako den inguru batean.
Igogailua panoramikoa izango da eta 16 lagunentzako edukiera izango du. Erdiko geldialdi batez zerbitzua emango dio Usategi Kafetegiari, etorkizunean udal-eraikin hori berreskuratzen denean. Gaur egun, Portu Zaharreko erdigunegaz lotzen den ibilbidetik Usategiko parkera iristeko modu bakarra eskailerak erabiltzea da, udal-eraikinaren alboetan dauden bi eskalinatak.
Igogailuak zaintza-sistema edukiko du eta, printzipioz, Portu Zaharreko igogailuaren ordutegi berbera izango du, hau da, 07:00etatik 00:00etara; hala ere, ordutegiari buruzko erabakia Udalak hartuko du.
Igogailu berria eraikitzeko lanak “Usategiko begiratokian irisgarritasunaren hobekuntza mekanikorako Proiektua” izenekoaren barruan daude. Egitasmo horretan, gainera, beste jarduketa batzuk daude aurreikusita: igogailu berria kokatuko den tokiaren ondoan, kafetegi zaharraren alboan, dagoen eskailera egokitzea; eraikinaren aurretik igarotzen den oinezkoen ibilbide tartea hobetzea, kontserbatuko diren eskaileran bitartez Genaratxuko bidearen azken zatia Usategiko parkeko sarbideagaz lotzeko; lanengatik kaltetuko diren guneak landarez betetzea (lorategiak ere lehengoratuko dira eta igogailuaren alboan dagoen ezponda gainean harriak eta zuhaixka edergarriak ipiniko dira); eta igogailuak berak behar dituen zerbitzuetako harguneak egitea (hornidura elektrikoa eta telekomunikazioak), batez ere.
Hiri-altzariak eta argiteria
Elementu mekaniko berriaren inguruko hiri-altzariei dagokienez, egurrezko baranda bat ipiniko da desnibeletatik babesteko; Genaratxuko bidean dagoenaren modukoa ipiniko da, bai behealdean baita igogailuaren geralekuetan sartzeko egingo diren plataforma berrietako kanpoko perimetroan ere. Horrez gainera, paperontziak kokatuko dira.
Bestalde, argiztapena indartuko da sarbideetan eta igogailuan bertan. Igogailuan sartzeko guneen inguruetako argiztapena esparru horretan dauden herriko argietara konektatuko da. Horri esker, ingurunearen segurtasuna hobetuko da eta energiaren eraginkortasuna ere hobetuko da.
Lanak egiteko epea 4 hilabetekoa izango da eta fasez fase egingo dira; horretarako aurrekontua 382.000 euro ingurukoa da.