Getxo Arraun taldeko trainerua nagusitu zen zapatuan, abuztuaren 31n, Orion jokatu zen KAE 1 Ligara igotzeko kanporaketako bigarren estropadan. Aurreko astean ere Castro Urdialeseko lehenengo itzulia ere irabazi zuten getxoztarrek; hala, kanporaketako sailkapenean buru amaitu du Eneko Van Horenbekek gidatutako taldeak, zortzi puntugaz.
Getxokoen igoera datorren irailaren 14an eta 15ean jokatuko den estropaden emaitzaren araberakoa izango da, aste-akabu horretan jokatuko delako TKE Euskolabel Ligara igotze-mantentze kanporaketa, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren. Lehenengo maila horretatik Astillero jaitsi da, eta San Pedro maila mantentzeko borroka bizian ibiliko da. KAE 1 Ligako Zarautz eta Deustu taldeek maila gorenerako igoera bilatuko dute, eta egoera berdinean egongo dira Galiziako Ligako Ares eta Tiran taldeak.
San Pedro TKE Euskolabel Ligan mantenduko balitz, getxoztarrak KAE 1 Ligara igoko lirateke; sanpedrokoek helburua lortuko ez balute, baina Zarautz edo Deustu igoko balira, KAE 1 Ligan egongo litzateke baita ere traineru getxoztarra datorren denboraldian. Hala ere, Ares eta Tiran galiziarrek igotzen badira, igoerarako aukerak galduko lituzkete Van Horenbekeko mutilek.
Getxo, nagusi play offetan
Play offeko bigarren txandako denborak
- Getxo 20:04
- Santoña a 9”
- Lapurdi a 10”
- Castro a 23”
Play Offeko sailkapen orokorra
- Getxo 8
- Santoña 6
- Lapurdi 4
- Castro 2