Ekimenaren ardatza hiruki formako oinarria izango duten hiru egitura izango dira, Getxoko hiru lekutan ipiniko dituztenak, launa metro koadroko bederatzi plano karratu osatuz. Parte hartu gura duten artistek plano horien gainean edo aurrean egiteko moduko proposamenak aurkeztu beharko dituzte, banaka edo taldeka, Garrobiren webgunean ikus daitezkeen oinarriei jarraituz betiere. Aukeratutako proposamen bakoitzeko 300 euro emango dituzte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, edozein arte-diziplinatako ekintzak eta lanak aurkeztu ahal izango dira: marrazkiak, tailerrak, kontzertuak, dantza-emanaldiak, erakusketak, antzezlanak... "Tokiko kultur sarea sustatu nahi dugu", adierazi dute, "bost urtez ehundu dugun sarearen ardatza izan behar du proiektu honek".
Hirukiren bitartez, "hainbat arrazoirengatik" ohiko erakusketa-bideetatik kanpo dauden arte-adierazpideei lekua eskaini gura diela adierazi du Garrobik. "Arte hori herritarrengana hurbildu nahi dugu, proiektu kultural handiei aurre eginez. Artea kalean".