Patinete elektrikoak partekatzeko sistema abian da Getxon

Erredakzioa 2019ko ira. 4a, 14:28
Gizon bat patinete elektrikoan, artxiboko irudian.

Bizkaiko enpresa batek, Getxoko Udalagaz akordioa adostu ondoren, 90 patinete elektriko partekatzeko alokairu sistema jarri du martxan, esperientzia pilotu gisa, lau hilabetez. Patineteak udalerriko hainbat tokitan daude kokatuta, eta horiek erabiltzeko APP bat deskargatu beharko dute erabiltzaileek.

Mugikortasuna kudeatzeko Espainiako Barne Ministerioaren Instrukzioaren arabera, Getxoko Udalak proiektu esperimental horri baimena eman dio baldintza zehatz batzuekaz. Hala, enpresari gune publikoa erabiltzeko baimena eman dio, aldi baterako, eta zerbitzua emateko aldea mugatu du, baita udalerrian patineteak aparkatzeko guneak eta horien kopurua (90) ere. Hiriaren barruko alde batera mugatuta dago ekimena: Areeta eta Gobela metro geltokiak udalerriko gune turistiko eta aisialdirakoak lotzen dituena, hala nola Bizkaia Zubia, Areetako eta Ereagako hondartzak, Portu Zaharra eta Kirol Portua. Patineteok aurretik zehaztutako alde horietatik ateratzen direnean deskonektatu egiten dira. Gainera, patineteek nabigazio sistema bat dute, erabiltzaileei aditzera emateko nondik ibil daitezkeen, turismo-gida txiki bategaz eta horiek aparkatzeko guneakaz. Era berean, SOS botoia ere dute, istripu edo matxura bat gertatzen denerako. Patineteak kudeatzen dituen enpresak ibilgailua eta proiektua garatu ditu, eta mugikortasuneko beste zerbitzu batzuekaz gertatzen den bezala, pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko eskatzen diren segurtasun neurri guztiak enpresaren ardura dira.

Baldintzak eta filosofia

Mota horretako patinete elektrikoak aspalditik ari dira ibiltzen Getxotik, salgai dauden homologatutako ibilgailuak direlako. Izan ere, hirietako ingurunea hobetzea ahalbideratzen duten sistema berriak abian jartzeko eta garatzeko fenomenoa errealitatea da Europako hiri askotan. Alemania, Belgika, Holanda, Portugal, Frantzia, Finlandia eta abar luze batek ibilgailu mota honetarako  arautegi zehatza dute jada. “Egokitzen joan behar da eta beren hedapena hiri bakoitzaren baldintzen arabera izan behar da. Sistema hau oso erabilia da Europako hiri askotan, ezartze maila altuarekin,  oinezkoekiko bizikidetza beste ibilgailurena baino hobeagoa delako”, adierazi du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.

Esperientzia hori Getxo 2030eko HMIP, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren helburuakaz bat dator, horretan agertzen denez, “horiek herritarrek mugitzeko eta tokietara heltzeko beharren arteko oreka bermatu nahi dute, orokorrean, jasangarritasuna kontuan hartzen dutena, ingurugiroko, ekonomia eta gizarteen ikuspegietatik, eta Europar Batasunaren eta garraioaren sisteman eragina duten hainbat erakunderen aginteen barruan”.

Espainiako Barne Ministerioak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak arautzeko Lege-Dekretu bat du eginda. Bitartean, lau hilabeteko proba horretan, patinete elektrikoak bidegorrietatik eta 30 kilometro orduko gehienezko abiadurako aldeetatik ibili ahal izango dira, inoiz ez espaloietatik. “Gure hirietako mugikortasuna behar berrietara (pertsonalak eta ingurugirokoak) eta baliabideetara egokitzen joan beharko da. Edozein aldaketak desorekak eragiten ditu eta horiek konpontzen joan behar da. Horregatik, oso komenigarria izaten da horrelako proba pilotuak egitea, gure mugikortasun sistema orekatzen duten  erabakiak hartzen joan ahal izateko. Egiaztatuta dirudienez, Europako hiri batzuetan izandako esperientzia batzuetan aditu batzuen arabera, mugikortasun indibidualaren etorkizuna mota honetako mugikortasun pertsonaleko ibilgailu hauetatik pasatzen da. Horrek espazio publikoaren birbanaketa ekarriko du. Beharrezkoa da mugikortasun sistema aldatzen joatea, oinezkoentzat espazioa berreskuratzen duen sistema jasangarrirantz abiatuz. Horretan sinisten badugu, gure hirietako mugikortasun jasangarrian eta ingurugiroaren hobekuntzan, hasi baino ez da egin, eta aurrean edo atzean jar gaitezke“, azaldu du Arregik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun