Getxo Folk jaialdia Areetako karpan egin izana salatu du PPk

Iker Rincon Moreno 2019ko ira. 6a, 09:49

Getxo Folk jaialdia, Areetako karpan, artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Popularrek gogoratu dutenez, Muxikebarri Antzoki berria kultur ekitaldi handiak hartzeko aurreikusi zuen Getxoko Gobernu-taldeak. "Hala ere, 10 urteko eraikuntza-lanen eta 50 milioi euroko gastuaren ondoren, eraikin berriak ez du udalerriko ekitaldi gehienentzako edukiera nahikorik", deitoratu du Eduardo Andrade PPko bozeramaileak.

Atzo, eguenean, eman zioten hasiera Getxo Folk jaialdiari. Horretarako, beste urte batez, karpa handi bat jarri du Getxoko Udalak Areetako Xake plazan. Egoera horrek ezinegona eragin die popularrei, Eduardo Andrade PPko bozeramaileak gogoratu duenez: "Gobernu-taldeak saldu zigun Getxo Antzoki berria askotariko ekitaldi kulturalak hartuko zituen egoitza gisa. Eremu handi bat Getxok ekitaldi handiak hartuko zituena, hain zuzen ere. Hala ere, 10 urteko eraikuntza-lanen eta 50 milioi euroko gastuaren ondoren, azalean gelditu da eraikin horren edukiera ez dela nahikoa Getxo Folk jaialdia bezalako ekitaldiak hartzeko".

Hala, Antzoki hori eraikitzeko inbertitu diren milioi euroak eta hori mantentzeko gastatu beharrekoak kontutan hartuta, inbertsio hori amortizatzea "ezinezkoa" izango dela salatu dute popularrek, "are gehiago eraikinak dituen agertokiak ekitaldi txikiak eta ikusle kopuru mugatua hartzeko ahalmena duela ikusita".

"EAJk urtez urte aurrera eraman du proiektua oposizioko taldeek egin genizkien oharrei muzin eginda. Euskaldunaren antzerako antzoki bat nahi izan dute, neurrigabe milioiak eta milioiak gastatuta, horren bideragarritasuna aztertu barik. Gaur egun, edukierarik gabe, ezinezkoa da atzera egitea eta eraikinaren mugak eta galerak ikusten hasi gara", adierazi du Andradek.

Horrez gainera, Areetako Xake plazan beste urte batez karpa bat jarri izana salatu du bozeramaile popularrak: "Urteak daramatzagu salatzen Areetako plaza hori hipotekatzen duen karpa horren jartzea, urtero milioi bat euroko inbertsioa suposatzen duena, gainera".

Getxo Folka Areetan egitearen arrazoia zein izan den argitzeko galdetu dio HIRUKAk Getxoko Udalari; hala ere, oraindino ez dugu inolako erantzun zuzenik jaso.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun