Ugariak izan dira azken urteotan Txorimalo gaztetxean izandako lapurretak zein bestelako erasoak. Hala ere, larriena duela hilabete bi jaso zuten, egunerokoa "ezinezko" bihurtu arte: "Entsegu lokaleko ia material dena (bozgorailuak, soinu tresnen anplifikadoreak, kable mordoa, nahaste-mahaia...) eta kontzertuak aurrera eramateko material ezberdina, baita gaztetxean elektrizitatea egon dadin beharrezkoa dugun energia-sorgailua ere lapurtu ziguten, gutxi gorabehera 3.000 euroko kaltea kalkulatu dugu".
Gaztetxekoek azaldutakoaren arabera, lapurreten ondorioz hainbat ekimen antolatzeko oztopoak izan dituzte, hala nola Gazte Txosnako zenbait ekimen. Hori dela eta, gune autogestionatuak jasotako erasoek Algortako gazte mugimendu osoari eragiten diotela ohartarazi dute.
Lehenagoko normaltasuna berreskuratu eta pairatutako galerei aurre egiteko, jaialdi berezi bat antolatu dute irailaren 28rako: Lapur Fest. Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako eta egunean zehar bildutako etekin ekonomiko denak gaztetxeko proiektuek aurrera egiteko beharrezkoa duten materiala erosteko bideratuko dute.