Peix Fregit taldeak zabalduko du jaialdia gaur, barikuan. Osaketa klasikoa duen habanera hirukotea da hori: ahotsa, gitarra eta akordeoia. 1974. urtean sortu zen Palafrugellen (Girona) eta ordutik hona hainbat saio eskaini ditu Espainiako Estatuan zein atzerrian eta habanera jaialdi eta cantada garrantzitsuenetan parte hartu du. 15 disko baino gehiago grabatu dituzte eta horietako azkena Tal com sona du izena.
Zapatuan, Mestre D’Aixa arituko da. 1981. urtean Vilassar de Mar-en auzo-jai baten ondorioz sortutako taldea, garatuz joan da gaur egun duen profesionalizazio maila izateraino. Azkeneko urte hauetan taldearen egituran aldaketak izan diren arren, oinarrizko osaketa mantendu izan da, ahots mistoek, akordeoia, gitarrak eta perkusio elementuez osatua. Taldearen berezko estiloak habanera eta itsas-erritmoak kanta herrikoi eta tradizionalakaz konbinatzen du, eta aldi berean bide berriak uztartzen ditu konposizio propioakaz eta katalanez abestutako musika pieza ezagunen moldaketakaz.
Azkenik, domekan, hilaren 15ean, jaialdia amaituko da saio bikoitza eskainita. Horretan bertoko bi talde ariko dira, ahots mistoen Itxartu eta Ondarreta abesbatzak, Jesús Antruejok eta Iñaki Morenok zuzenduta, hurrenez hurren. Biek erakutsiko dute zein ondo moldatzen diren itsas doinuak abesten eta zer nolako errotze indartsua duten kanta horiek gure herrian.