Herminia Luque eta Jokin de Pedro, "Ramiro Pinilla" eleberri laburren lehiaketako saridunak

Erredakzioa 2019ko ira. 16a, 09:20

Lahiaketako irabazleak. © GETXOKO UDALA

Herminia Luquek gaztelaniazko lanen saria irabazi du eta, Jokin de Pedrok, euskarazkoena. Gainera, Ziortza Alonso gazteak "Txiki Baskardo" umeentzako kontakizunen lehiaketako saria eskuratu du. Ekimen horiek Getxoko Kultur Etxeak, bertoko Pinillesca elkarteagaz elkarlanean, bultzatuta daude eta sormen literarioa sustatu eta idazle getxotar ospetsuaren memoria babestea dituzte helburu nagusiak.

Herminia Luque Ortizen (1964, Granada) Las traidoras eleberria Fernando VII.aren erregealdiko testuinguruan kokatzen da. Horretan, idazle andaluziarrak erregearen bizitzan gertatutako gorabehera eta intriga erakusten ditu, eta arreta berezia jartzen du beragaz bizi ziren emakumeakaz, legezko zein ez-legezko emazteak. Nabarmendu beharrekoa da eleberrian agertzen diren emakumezkoen askotariko ahotsak, erregearen pertsona bakarraren aldean, eta horren bitartez kontakizun ofizialetik oso urrun dagoen ikuspegia sortu du egileak. Erabilitako prosa oso landua da eta garai horretako askotariko hizkerak hartzen ditu, herrikoak zein jasoak, eta erregealdiaren deskripzio ulergarria egiteko.

Luque Geografia eta Historia irakaslea da Malagan eta zenbait eleberri idatzi ditu. Horien artean aipatu behar dira Bitácora de Poseidón (2010), El códice purpúreo (2011) eta Amar tanta belleza (2015), azken hori Malagako 2015ko Eleberriaren Sariaren irabazi zuena. Gainera, Mexiko, Danimarka eta Espainiako kontakizun-bilduma batzuetan parte hartu du eta Siempre guapa. El imperativo en la sociedad contemporánea entseguaren egilea da. Azken horregaz Carmen Burgos entsegu-lehiaketaren Emma Tirado saria eskuratu zuen.

Jokin de Pedro Pérez-Saladok (1955, Bilbo) euskarazko saria irabazi du Joana lanagaz. Eleberria Frankismoaren azken urteetan girotuta dago eta garai zail horretan euskara bizirik mantentzeko ahaleginak kontatzen ditu. Gai hori oso gutxitan jorratu da orain arte euskal literaturan eta lan honetan lehenengo amodio baten istorio batekin uztartu du egileak, samurtasunez eta soiltasunez idatzia.

Azkenik, Ziortza Alonso getxoztar gazteak, Caro Baroja institutuko DBHko 1. mailako ikasleak, “Txiki Baskardo” saria irabazi du zati bidun kontakizun bategaz. Kontakizuna idazleen lanaren eta irudimenaren gorespenagatik nabarmentzen da.

Bigarren ekitaldia

"Ramiro Pinilla" lehiaketaren bigarren ekitaldia harrera ona izan du literatura-zaleen artean. Guztira, 103 lan jaso dira; horietatik, 99 euskaraz. Egileei dagokienez, 28 EAE eta Nafarroakoak dira eta gainerakoak, ia espainiar Estatu osotik etorritakoak. “Ramiro Pinilla” lehiaketaren epaimahaia Katixa Agirre, Felipe Juaristi eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatu dute. Irabazle bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu eta baita 1.000 euroko laguntza lanak argitaratzeko. Aurtengo “Txiki Baskardo” lehiaketan, berriz honako zentro hauetako 1. DBHko ikasleek parte hartu dute: Caro Baroja BHI, Santísima Trinidad eta Azkorri ikastetxea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun