Udako jaiak 2019

Eraso sexisten kontrako kanpaina eta adingabeei alkohola saltzea ekiditeko operatiboa jarriko dute martxan Mesedeetako jaietan

Erredakzioa 2019ko ira. 17a, 13:02

Aste-akabuan, irailaren 20tik 22ra bitartean, ospatuko dituzte Mesedeetako jaiak Areetan. Hala, Getxon planto eraso sexistei! sentsibilizazio kanpaina jarriko du martxan Getxoko Udalak.

Getxoko Udalak abian jarritako Getxon planto eraso sexistei! sentsibilizazio kanpaina Areetako Mesedeetako jaietan izango da, datorren asteburuan, irailaren 20tik 22ra. Udako aurreko jaietan bezala, kanpainaren leloa eta irudia dituen kartela totem ezagunetan jarriko da Areetako metro geltokiaren irteeran. Gainera, Udala eskumuturreko moreak banatzen ari da, Eraso matxistarik gabeko jaiak esaldiagaz, eta indarkeria matxistaren kontrako esaldiak dituzten biniloen irudiakaz eta mezuakaz egindako bideoa gizarte sareen bitartez zabalduko du. Binilo horiek udalerriko hainbat plazatako bizikletak aparkatzeko tokietan daude jarrita ere.

Bestalde, Udaltzaingoak, beste urte batez, operatibo bat jarriko du martxan, ahal den neurrian, istilurik gerta ez dadin eta adin gabekoei alkohola ematea ekiditeko. Aurreko urteotan bezala, operatiboan herritarren segurtasunaz arduratuko den Ertzaintzak eta Udaleko Babes Zibilak ere parte hartuko dute. Besteak beste, polizia-taldeak jai eremutik eta inguruetatik ibiliko dira. Bariku arratsaldetik domekara arte, adingabeei alkohola ez saltzeko eta edari alkoholikoak atzemateko zaintza berezia jarriko dute. Horretarako, eta baita beste era batzuetako istiluak ekiditeko ere, gaueko txandak indartuko dituzte. Alkoholemia prebenitzeko kontrolak ere egingo dituzte Bide Segurtasun alorrean eta zigorrak ipiniko dizkiete droga-mendekotasun prebentzio alorreko legea hausten dutenei.

Gainera, jai eremuetan saltzaile ibiltariak egotea eragotziko da, legez kanpoko jarduera izateaz gain, "tokiko merkataritzarako eragin negatiboa izan daitekeelako", arduradunen berbetan.

Tabernak ixteko ordutegia zabalduta

Udalerriko ostalaritzaren alde egiteko eta aldi berean herritarren atsedena zaintzeko bermatzeko oreka zaintzeko, jaietan Areetako ostalaritzako establezimenduek ordu bat eta erdiz beranduago itxi ahal izango dute irailaren 20ean eta 21ean, barikuan eta zapatuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun