Poesia, musika, dantza eta familientzako tailerrak, Getxoko Ondarearen Jardunaldietan

Erredakzioa 2019ko ira. 18a, 09:16
"Poesia zubia" saioa egingo dute urriaren 26an Bizkaia Zubiaren terrazan.

Getxok bat egingo du, beste urte batez, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldiakaz. Oraingo honetan leloa hurrengoa izango da: Ondarea plazara! Gure kultur ondarea plazara.

Irailaren 28tik urriaren 26ra bitartean, Getxon bost ekimenetan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak adierazi duenez, “udako sasoitik kanpo aisia eta kultura jarduerak programatzeak bidea ematen du udalerrira bisitariak erakartzeko, bai Bizkaikoak bai ondoko lurraldeetakoak, eta sustatu egiten du kontsumoa ostalaritzan, aisiako zerbitzuetan eta horiekin lotutako beste batzuetan. Sustapen ekonomikorako GETXO 2020 estrategiarekin bat egiten duen jarduera da —estrategia horrek turismo kulturalaren alde apustu egiten du, besteak beste—, eta bultzatu nahi dugun turismo jasangarriaren eredua garatzeko giltzarri diren bi helburu lortzen laguntzen du: turismoa urte-sasoi guztietara hedatzea eta bisitariak zein turistak banatzea, orain bisitatuenak ez diren baliabide eta eremuetara erakarriz”.

“Getxo Dantzan”

Irailaren 28an, zapatuan, euskal dantzetan aritzeko aukera egongo da Agurra Dantza Taldea, Zasi Eskola Dantza Taldea, Itxartu Dantza Taldea, Itxas Argia Dantza Taldea eta Berantzagi Dantza Taldeagaz.

“Andrés Isasiren musika ondarea: artista polifazetikoa”

Urriaren 19an, 19:30ean, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, Ibon Zamacolaren hitzaldia eta kontzertua egongo da. Sarrera dohainik. Informazioa: 94 491 08 00 eta infoturismo@getxo.eus.

“Horrela ibiltzen ginen olgetan”

Urriaren 20an, domekan, 11:00etatik 13:30ak arte,  Ingurumen Aretoan (Larrañazubi 12), familientzako tailerrak izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, euskal ohiko jokoei eta kirolei buruzkoak. Plaza mugatuak. Informazioa eta erreserbak: 688 88 35 96 eta info@ingurumenaretoagetxo.eus.

“Poesia zubia”

Urriaren 26an, zapatuan, 19:30ean, Bizkaia Zubiaren terrazan, errezitaldi poetiko musikala egongo da, Bizkaia Zubiak eta Kuntxabank-ek antolatuta. Sarrera dohainik. Informazioa eta erreserbak: 94 480 10 12 eta promocion@puente-colgante.com.

“Abotsa kaleetan!”

Urriaren 26an, zapatuan, 19:00etan, musika eta abestiak izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, Itzubaltzeta/Romoko kaleetan zehar, Txapelak Bat elkartearen eskutik. Topagunea: Areetako Xake plaza. Informazioa: 94 491 08 00 eta infoturismo@getxo.eus.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun