'Getxoko islak' lanak dantza- eta kantu-taldeak bilduko ditu Muxikebarrin, Pablo Viarren zuzendaritzapean

Erredakzioa 2019ko ira. 24a, 08:23

Herritarren parte-hartzea bultzatzen duen ikuskizun hori azaroaren 21etik 24ra egongo da gozabide eta Javier Liñera, Unai Elorriaga eta José Luis Raymonden lankidetza ere izango du.

Musika, kantua, dantza eta interpretazioa bateratuko ditu Getxoko Islak izeneko lanak Muxikebarri Antzokian, azaroaren 21etik 24ra. Pablo Viar zuzendari eszeniko famatuak asmatutako proiektu horrek Getxoko kultura aniztasuna erakutsi eta bertoko elkarte-egituraren partaidetza bultzatzea ditu helburu nagusiak. Horretarako, lehen mailako talde artistikoa eta udalerriko hogei dantza- eta kantu-talde baino gehiago bildu ditu.

Ikuskizunaren dramaturgia Javier Liñerarena da, Unai Elorriagaren testuak oinarri hartuta; eszenografiaz eta musikaz, aldiz, José Luis Raymond eta Miguel Salvador arduratu dira, hurrenez hurren. Horretaz gainera, hamabi aktore profesionalek parte hartuko dute Ereaga areto nagusian egingo den lan horretan. Lau egunez, zenbait saio izango dira bertan eta horien ordutegia laster jakinaraziko da. Lana ikusteko gonbidapenak Algortako eta Romoko kultur etxeetan jaso ahal izango dira, urriaren 14an hasita.

Egitarau eszenikoa hiru artista getxoztarren zenbait ikuslanakaz osatuko da. Merce Zuluetak Mandalas de mujer erakusketa egingo du eta horretan itsasertzean batutako materialez eginiko piezak bildu ditu bertoko emakumeren lana goresteko asmotan. Pablo Zabala sortzaileak udaleko artxibotik hartutako argazki batez baliatu da margolana sortzeko. Azkenik, Ibon Garagarzak Fingers pointint at instalazioa egin du. Hasiera batean lana zenbait kokapenetan banatuko da eta, ondoren, San Nikolas plazako liburutegiko horman batuko da. Pieza guztiak Muxikebarrin zein kanpoan egongo dira ikusgai azaroaren 11tik aurrera.

Ikuskizunaren garapenagaz batera, lan nagusia diseinatu duten profesionalek masterclass-ak eskainiko dituzte proiektuan parte hartzen dutenentzat eta horretan interesatuta dagoen publikoarentzat. Saio horiek Ereaga aretoan izango dira eta zenbait diziplina eszenikoren oinarriak ezagutzeko aukera emango dute: zuzendaritza artistiko (Pablo Viarren eskutik), eszenografia (José Luis Raymonden eskutik) eta argiztapen-diseinua (Carmen Martínezen eskutik). Gainera, Unai Elorriagak Getxori buruz idatzi izeneko klasea emango du. Saio horietarako gonbidapenak Algortako eta Romoko kultur etxeetan jaso ahal izango dira, urriaren 7tik hasita.

Herritarren partaidetza

Pablo Viar antzerki-, opera- eta zarzuela-zuzendariak, azkenaldi honetan besteak beste Guridiren El Caserío lana Madrilgo Teatro de la Zarzuelarako ekoiztu duenak, asmatutako proiektuak taula gainean jarriko du Getxoko elkarte-egituraren garrantzia. Kultura-elkarteen, dantza- eta antzerki-eskolen, abesbatzen eta artista plastikoen lanaren bitartez herritarrak protagonista bilakatzen ditu. Adin guztietako getxoztarrak bilduko dira ikuskizun honetan eta, horietaz gainera, bertoko ikastetxeetako ehunka ikaslek ere parte hartuko dute artisautza-mozorroen tailerren bitartez. Tailer horietan eginiko piezak San Nikolas plazan erakutsiko dira emanaldien aurretik eta baita Ereaga aretoan ere, saioak abian direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun