Diru-laguntza hori, alde batetik, enplegua sustatzeko erabiliko da; horretarako, Getxoko 15 langabe zuzenean kontratatuko dira (178.161 euro), eta, bestetik, Getxoko enpresentzako kontratazio-laguntzak emango dira (239.479 euro).
Kontratazioak
Udalak 15 langabe getxoztar kontratatuko ditu hamaika udal-proiektu garatzeko. Gutxienez, %40 emakume langabeak izango dira, %30 Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak eta %15, aldiz, 55 urtetik gorakoak. Eskatutako profilak honako hauek dira: 8 administrari, 2 peoi, 2 zaindari, 2 margolari eta erdi-mailako teknikari 1.
Kontratazio horietarako guztietarako hautagaien aukeraketa egingo da Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako eskaintzaren bidez, urriaren 7tik aurrera eta, horrenbestez, ezinbesteko baldintza izango da pertsona interesdunak langabeak izatea eta Lanbiden izena emanda egotea.
Enpresentzako kontratazio-laguntzak
Bestalde, Getxoko Udalak diru-laguntzak emango dizkie tokiko enpresei, hiru eta sei hilabete arteko kontratuak egin diezazkieten langabeei. Kontratu horiek 2019ko martxoaren 26tik abenduaren 31ra bitartean hasi beharko dira. Hiru hilabeteko lanaldi osoko lanpostu bakoitzeko 3.000 euroko laguntza emango da gehienez, eta sei hilabeteko edo gehiagoko lanpostu bakoitzeko 6.000 euro.
Sei hilabeteko edo gehiagoko iraupena daukan lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, laguntzaren zenbatekoa, gehienez, 9.000 eurokoa izango da, honako kolektibo hauen barruan dauden pertsonak kontratatuz gero: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrak edo onuradunak, 35 urtetik beherakoak direnak, iraupen luzeko langabeak eta 55 urtetik gorakoak. Enpresek aukeratu beharko dituzte langabeak. Deialdia irailaren 27an BAOn argitaratuko da eta egun horretatik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskaerak.