Atzo, gaueko hamar eta erdiak aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten gizonezko bat zaurituta zegoela Neguriko Joaquín Arizaga kalean. Herritarren babeserako hainbat patruila hurbildu zen esandako lekura, eta egiaztatu zuten gizonezkoak ebakia zuela aurpegian. Biktimak berak eta beragaz zeuden bi pertsonek emandako informazioaren arabera, ezagun bat hurbildu zitzaion biktimari, eta labana bategaz eraso egin zion, aurpegian ebakia eginez. Erasotzaileak, dirudienez, iraindu eta mehatxatu ere egin zuen zauritua, eta, ondoren, korrika alde egin zuen bertatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera. Biktimaren lesioak ikusita, anbulantzia batean eraman behar izan zuten Gurutzetako ospitalera.
Getxoko Udaltzaingoaren laguntzaz, Ertzaintzak jakin ahal izan du erasotzailea Atxekolandeta kalean dagoen eraikin abandonatu batean egon zitekeela. Hala, ertzainak higiezinean sartu eta bertan aurkitu eta atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Gizonezkoak aurrekariak ditu, eta epaitegira eramango dute beharrezko polizia-eginbideak amaitutakoan.