Erabaki horren ondorioz, besteak beste, Ormazako eraikigarritasuna 23.806 metro koadrotik 30.749 metro koadrora gehitu ahalko da, babes ofizialeko 105 eta 127 arteko etxebizitza kopurua eraikitzeko (62tik 76ra babesekoak eta 43tik 51ra tasatuak), eta 138tik 152ra etxebizitza libre; 5.000 metro koadroko hiri-parke bat ere egingo dute.
PPk honako hau adierazi zuen atzo: “Etxebizitza sortzeko garapen partzialei laguntzen die eta herritarrentzako onura dakar, hiri-lurzoruan dagoen lur pribatua delako, zikina dagoena eta pertsonek gozatu ezin dezaketena”. EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek honako hau uste dute: “Lehentasuna eman behar izan zitzaion babes ofizialeko etxebizitzei eta alokairu sozialari; izan ere, etxebizitza gehienak merkatu librean salduko dira, eta gazteek ezin dute hori ordaindu”. EAJk, berriz, honako hau adierazi du: “Aldaketa honek esan nahi du etxebizitza gehiago eta erabilera publiko gehiago egongo dela, baldin eta HAPOaren berrikuspenak hori izapidetzea ahalbidetzen badu”. Eta gobernuko bere kideak, PSE-EEk, zera gaineratu zuen: “Albiste ona da, eta babes ofizialeko etxebizitzak eta gazteentzako alokairuko etxebizitzak lortzeko lanean jarraituko dugu”.
Arrigunagako 1. zenbakiko eraikina ordezteko xehetasun-azterketa onetsi da
Arrigunagako jaitsieraren 1. zenbakiko eraikina ordezteko xehetasun-azterketa ere behin betiko onetsi da. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu dute, eta honako hau adierazi zuten: “Ondarea defendatzearekin lotuta dago; Algortako historiaren parte da eraikina, eta hala, ondarea eta identitatea galtzen goaz”. Aldiz, gobernu-taldeak azaldutakoaren arabera, “teknikariek titulartasun pribatua duen eraikina aztertu ostean, ikusi da eraikinak ez duela balio historiko eta arkitektoniko garrantzitsurik; hala, fatxada da nabarmentzekoena, baina galarazi egiten du Arrigunagako jaitsierako eta Errementarienako espaloiak luzatu eta zabaltzea, onetsitako xehetasun-azterketan proposatzen zen moduan. Horrenbestez, eraikina eraistea baimendu daiteke”.
Zorrik ez 2020rako
Bestalde, Udalak 1.770.000 euroko kreditu gehigarri bat onetsi du, zor publikoa amortizatzeko. “Helburua da banku erakundeekin kontratu bidez aurreikusitako amortizazio plana azkartzea. Gure helburua da zorra zeroan uztea 2020. urtearen erdialderako. Horren ostean, 2019-2023 legegintzaldiko inbertsioen plana zehaztu ostean, legegintzaldiko planarekin inkardinatuko dena, finantzatzeko bideak zehaztu ahal izango dira. Proposamena da ekitaldi honetan BBVArekin ordaintzeke dugun 1.778.000 euro euroko zorra amortizatzea. Hala, urte amaieran bi mailegu soilik geldituko zaizkigu amortizatzeke, Kutxabankekin; 6.785.000 euro guztira”. Hala azaldu du Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziak.
Horrez gainera, oniritzia eman zaie beste kreditu gehigarri askori; besteak beste, bide publikoan jarduketak egiteko (1.393.000 euro), argiteriarako (365.625 euro), asfaltatzeko (39.000 euro) eta Algortako Manuel Gainza aparkalekuko lanak birfinantzatzeko (1.145.000 euro). Azken kasu horretan, 2018an barik 2019an hasi zirenez obrak, kontabilitateko eta aurrekontuaren araudiko baldintzak bete ahal izateko egokitzapen finantzario bat egingo da; hala ere, ez du ekarriko inolako atzerapenik obran, ez eta desbideratze ekonomikorik ere. Eztabaidan, Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuen arloko zinegotzi Janire Ociok adierazi du aparkalekua 2020ko apirilerako amaituta egotea aurreikusten dela.
Mozioak
Amaitzeko, testigantza izaera duen PPk aurkeztutako mozio bat onetsi da: Hirigintza Arloa arintzeko talka-plan bat martxan jartzeko.