Jardunaldiak barikuan hasiko dira Pinotxo haur-antzezlanaren eskutik, Muxikebarriko Ereaga aretoan, 18:00etan. Glu Glu taldearen ikuskizun horrek Carlo Collodiren klasikoa agertokira eraman du antzerkia, dantza eta musika uztartuta.
Biharamunean, zapatuan, Shakti Olaizola konpainiak Baldin Bada lana eskainiko du San Nikolas plazan, 13:00etan. Adin guztientzako zirku-antzerki ikuskizun horretan akrobaziak, dantza, musika eta pintura nahasten dituzte bi pertsonaia minek. Arrastian, 20:00etan, Muxikebarrik Ados Teatroaren Dublineses antzezlana hartuko du. Muntaia horrek, James Joyceren literatura unibertsaleko klasikoan oinarrituta, XX. mendearen hasieran Irlandak bizi zuen paralisi moral eta espirituala irudikatzen du era zehatzean.
Domekan, urriak 6, Sardina Freskue! (Sani Nikolas plaza, 18:00) adin denentzako dantza-ikuskizuna izango da. Horretan, Organik taldeak itsasoaren munduarekiko eta horren barruan emakumeak duen tokiarekiko interesa erakusten du. Kasu horretan, sardina-saltzaileen lana izango da ardatz nagusia. 19:00etan ere dantza izango da protagonista Dantzaz taldearen Sei ikuskizunaren eskutik, konpainiaren pieza ezagunenak biltzen dituena. Lana osatzen duten pieza guztiek nazioarteko koreografo entzutetsuen sinadura daramate: Martin Harriague, Janis Claxton, Christine Hassid eta Jacek Przybylowicz.
Antzerki arina
Domekan ere Antzerki Arineko atala abiatuko da. Algortako Villamonte kultur etxean 20 minututik beherako bost muntaia antzeztuko dira, 18:00etatik aurrera. Horietako bakoitza hiru saiotan antzeztuko da eta horrela publikoak guztiak ikusteko aukera izango du. Lehenengo asteburuko egitarauan Terapia, Fósforos eta La chica de la gasolinera lanak nabarmendu behar dira, Pabellón 6-en Antzerki Arineko Lehiaketan eta Bartzelonako Píndoles jaialdian zenbait sari irabazi dituzte eta. Antzerki arineko saioak ikusteko sarrerak urriaren 6an erosi ahal izango dira kultur etxean bertan, 17:00etatik aurrera.
Jardunaldien programa osoa hemen.