Amaia Agirre Getxoko alkateak aurkeztu duen prentsaren aurreko ekitaldian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Ana Lopez Asensio Barakaldo Antzokiko zuzendari eta Sareako zuzendaritzako kideak. Zupiriak azaldu du denboraldiko programazioa ez dagoela oraindino guztiz itxita, baina bai 2019 urtea amaitu bitarteko hiruhilabetekoa. Edozelan, Sarea osatzen duten 63 espazioetan, denboraldi osoan, 500 ikuskizun inguru eskainiko direla adierazi du Zupiriak (horien 600en bat antzezpen egingo dira); 150 konpainiak emango dituzte ikuskizunak.
Sailburuak esan duenez, programazioaren ia erdia gutxi (220 ikuskizun, %44) helduentzako antzezlanak izango dira, laurden bat musika-emanaldiak (130, %26), %20 umeentzako antzezpenak (100 ) eta gainerakoak dantza-ikuskizunak (50, %10). Nabarmendu egin du, gainera, emankizunen %30 euskarazkoak izango direla.
Sortu zenetik igaro diren 26 urteetan Sareak egindako lana goratu du Zupiriak, "eredugarria izan baita antzokiek sarean eta elkarlanean jardun dezaten", eta programatzaileen gaitasuna eta arte eszenikoetako konpainien dinamismoa nabarmendu ditu. Era berean, gaur aurkeztutako programazioan euskal konpainiek izango duten garrantzia azpimarratu du, eta gogoratu egin du konpainia horien finantzazio-bideetako erakundeek eta bereziki Jaurlaritzak "arte eszenikoen sustapenerako eta sorkuntzarako" ematen dituzten laguntzak direla.
"Arte eszenikoak etxetik hurbil"
Ana Lopez Asensio Sareako kideak adierazi du 53 udaletan daudela Sarearen 63 guneak, eta kopuru hori EAEren tamainako lurralde batean esanguratsua dela gaineratu du: "Horri esker, Sareak arte eszenikoen presentzia bermatzen du ia leku guztietan, etxetik hurbil; programazio zabala, askotarikoa eta egonkorra daukagu, ikusle-mota denentzat eta ia asteko egun guztietan".
Abendura bitartean Sarearen zirkuituan 300 emanaldi baino gehiago egingo dira, Lopez Asensioren berbetan; "horietako asko hitzartutako zirkuituaren barruan izango dira, sektoreari bultzada emateko sortu zena, besteak beste emankizunak denbora laburragoan pilatuz alde ekonomikotik konpainiei lagunduz".
Azkenik, iaz berritutako Sarearen webgunea aurkezteko baliatu dute gaurko agerraldia.