Aldundiaren egoitza bat hustu dute Romon, sei edukiontzi erre ondoren

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 4a, 09:07

Artxiboko irudia. © BIZKAIKO SUHITZALEAK

Sei edukiontzi erre dira gaur goizaldean, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia kalean; zabaldu den kearen ondorioz, ondoko eraikinean zeuden 17 bizilagunak lekuz aldatu behar izan dituzte, badaezpada. Sua amatatzera zihoan suhiltzaileen kamio batek istripua izan du, auzo horretan bertan.

Gaur goizaldeko 03:30ak aldera izan da sutea, eta adimen urritasuna duten pertsonentzako Foru Aldundiaren egoitza bat hustu behar izan dute. Handik gertu dagoen beste zentro batera eraman dituzte kaleratutako bizilagun denak; sua itzalita, denak euren etxeetara bueltatu dira.

Bestalde, sua amatatzera zihoan suhiltzaileen kamioi batek istripua izan du, Getxoko auzo horretan bertan. Aparkatuta zeuden sei kotxeren kontra jo du ibilgailuak, eta ondoren, eraikin bateko hormaren kontra jo du. Horren ondorioz, suhiltzaile bat zauritu egin da, larritasunik gabe.

Sute horrek inguruan zeuden lau ibilgailu kaltetu ditu eta Udaltzaingoa horren inguruan ikertzen dabil orain.

Santa Eugenia kaleko suteaz gainera, gutxienez beste bost edukiontzi erre dituzte Ibaigane kalean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun