Algortako ibilaldi neurturako izen-ematea zabaldu dute

Erredakzioa 2019ko urr. 4a, 11:24
Umeen ibilaldiko irteera, artxiboko irudian. © ITXARTU TALDEA

Itxartu Taldea kultur elkarteak Algortako Ibilaldi Neurtua antolatzen dabil datorren urriaren 12rako, zapatua; aurtengo edizioa 37. izango da.

Txango nagusiak, edo ibilaldi neurtuak, 17,1 kilometroko ibilbidea izango du, binaka edo bakarka egiteko; laburrean, edo herri-ibilaldian, 5,9 kilometro bete beharko dute 10 urtez azpiko umeek eta laguntzaileek. Antolatzaileek espero dute ohi bezala bikotekako ibilaldian parte-hartzaile kopuru handia biltzea. Izen ematea egin daiteke, doan, Itxartu.com webgunean urriaren 9ra arte, edo Algortako batzokian, ibilaldiaren egunean bertan.

Aurreko edizioetan egin legez, Nagusien Ibilaldia neurtua izango da. Hala, sariak lortzeko izen-ematea egin beharko da bikoteka, ibilaldia hasi aurretik. Ibiltariren batek bikoterik gabe izena ematen badu, saria jasotzeko eskubiderik izango ez duela ohartarazi dute antolatzaileek. Gaztetxoen Ibilaldia aldiz, banaka emango dute izena partaideek aldez aurretik, beraz, kasu honetan ez da sailkapenik izango.

Nagusiak goizeko 08:00etan hasiko dute ibilbidea, Algortako batzokitik hasita, Fadura, Iturgitxi, Sustatxa, Muñarrikolanda eta Berangotik, autobiaren azpian ibiltzen. Handik aurrera Azkorritik, La Galea paseotik, Aixerrotatik, Arrigunagatik eta San Nikolasetik pasako dira, eta Algortako batzokira bueltatu arte. Ibilbidea gutxi gorabehera hiru ordu eta erdia baino zerbait gehiagotan egin ahal izango da, hamaiketakoa kontatuz. Derrigorrezkoa da kontrol guztietatik pasatzea. "Horrela egiten ez dutenek ez dute eskubiderik izango ez oparirik jasotzeko, ez hamaiketakoa hartzeko", antolatzaileen esanetan.

Hamar urtez azpikoentzat beste ibilbide bat prestatu da; Algortako batzokitik 10:00etan aterako da Muxike Aurrekoa, Telletxe, Aingeru etorbidetik, Andra Maritik, Getxoko hilerritik, La Galea gotorlekutik pasatuz eta handik Aixerrotatik Arrigunagatik eta San Nikolasetik batzokira. Gaztetxo guztiek Ibilaldiaren trofeo bana izango dituzte oroimen gisa.

Gaztetxoen trofeoen banaketa Algortako batzokiko jolastokian izango da ibilbidea bukatzen duten neurrian. Nagusiaren sariak, berriz, sailkapenaren arabera,13:00etan baino aurrerago izango da, leku berean. Sariak (kirol material asko izango dutenak) banatzen diren une horretan jaso behar dira eta ekitaldi hori bukatu eta ordu laurden igaro ondoren saria ezingo da jaso. Ibilaldia bukatu ondoren Algortako batzokiko patioan herri hamaiketakoa egongo, txerri errearen mokaduakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun