Itsas Zaindarien Sareko urpekariek itsas hondoaren garbiketa berri bat antolatu dute Getxon. Oraingo honetan, itsas ekimena Areetako kaiko ontziralekuan egingo da domeka honetan, urriaren 6an, 10:00etatik aurrera. Garbiketa Marefondum elkarteak eta Divertek urpeko jardueren kirol taldeak antolatu dute, Udalaren laguntzarekin. Urpekari taldeak pertsona boluntarioen laguntza izango du lehorrean, eta horregatik, beste behin ere, udalerriko bizilagunak bultzatu gura dira parte har dezaten.
Helburua da hiritarrak sentsibilizatzea, gizakion jarduerak kostaldean, ozeanoetan, aintzira eta ibaietan dituen ondorioen inguruan; halaber, hiritarrak arduratu gura dituzte beraien ekintzek kalte gutxiago eragin dezaten ingurumenean. Izan ere, itsaso eta ozeanoetara iristen diren hondakin solidoek (%80ak kontinentean du jatorria) kalte egiten diete urpeko ekosistemei eta urtero milioi bat hegazti baino gehiagoren eta ehun mila dortoka eta ugaztunen heriotza eragiten dute, antolatzaileek emandako datuen arabera.
Ekintza ekologiko horri buruzko argibide gehiago jasotzeko marefondum@gmail.com helbidearen bitartez harremanetan jarri.