Romo eskolako umeentzako patioa konpon dezatela eskatu dute

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 4a, 13:35

Atzoko elkarretaratzearen irudia. © GETXOKO EH BILDU

Itzubaltzeta/Romoko eskola publikoko hainbat gurasok protesta egin zuten atzo ikastetxe horretako haur-hezkuntzako umeek erabiltzen duten patioa konpon dezatela eskatzeko.

Romoko elizaren arkupetan egindako elkarretaratzean banatutako esku-orrietan azaldutakoaren arabera, haur-hezkuntzako patioaren egoera "tamalgarria" da, "kulunkak apurtuta zeudenean baino egoera okerragoan dago gaur egun". Diotenez, 210 ume inguruk erabiltzen duten gune hori "goibela" da, porlanez inguratutakoa,  eta "hainbat irakaslek zainduta egon behar dute, eskolako beste patioetatik ihes egin ez dezaten". Era berean, gurasoak arduratuta daude umeen jolasteko eskubideaz, hainbat hilabetez gune horrek ez dielako umeei jolasteko aukerarik ematen.

Kexa hori helarazi zioten Getxoko Udalari aspaldi, baina gobernu-taldeak emandako erantzuna izan da obrak "epe barruan" hasi direla, gurasoek jakinarazpenaren arabera. Hala ere, haur-hezkuntzako patioa "ahalik eta lasterren" konpon dezatela eskatu diote gobernu-taldeari. Era berean, Amaia Agirre alkateari bilera bat egiteko eskatu diote, "patioaren egoera zuzen-zuzenean ikus dezan". Oraindino "inolako" erantzunik jaso ez dutela deitoratu dute gurasoek.

Getxoko Udalak HIRUKAri jakinarazi dionez, ikastetxeko eta AMPA Gurasoen Elkarteko ordezkariakaz bilduko da datorren astean, "Romo ikastetxearen jarduketa-plana zehazteko; izan ere, plan hori atzeratu egin da". Batzarran, gainera,  "beharrezkoak diren azalpenak" emango dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun