Datorren urriaren 15era arte zabalik egongo da Euskararen Aholku Batzordea berritzeko hautagaitzak aurkezteko epea, beharrezkoa baita Getxoko Udalak 2019-2022ko Euskara Sustatzeko IV. Ekintza Plana (ESEP) duela hilabete batzuk onartu ondoren. Hori laugarren Batzordea izango da, udalerriaren errealitate soziala ondo ezagutzen duten 10 bat lagunek osatuta. Horiek ondo ezagutu beharko dituzte ESEPek kontuan hartzen dituen 11 esparruak, hau da, familia bidezko transmisioa, euskalduntzea-prestakuntza, irakaskuntza, kultura-artekotasuna, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, komunikabideak eta teknologia berriak.
Batzordeak Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren ekintzei eta neurriei buruzko aholkua eman beharko du, eta baita hizkuntza ofizialen normalizazioan hartu behar diren neurriak iradoki, Euskara Zerbitzuak abian ipintzen dituen diru-laguntza deialdien eta euskararen erabilera arautzeko udal ordenantzen gaineko iritzia eman, eta Euskara sariaren aurre-aukeraketa egin ere.
Aholku Batzorde horrek ESEP planak duen iraunaldia izango du, hau da, 2022ko abenduaren 31ra arte, eta ondoren luzatu ahal izango da. Aurreko hiru batzordeetan guztira 32 lagunek parte hartu dute.
Proposamenak
Udalak email bat bidali die udalerriko 200 elkarte, kirol, euskara, familia, merkataritza eta abarreko elkarte eta entitateri, ikastetxeri eta eragileri, prozesuan parte hartzea eskatzeko. Proposamenak euskara@getxo.eus helbide elektronikora edo Euskara Zerbitzura (Foru kalea, 1) igorri beharko dira.