Abra I. Triatloi Solidarioa egingo dute urriaren 27an Getxon

Erredakzioa 2019ko urr. 9a, 11:07

Kirol-probaren helburua da Alboko Esklerosi Amiotrofikoak jotako pertsonentzako zainketa aringarriek duten garrantzia ikustaraztea. Lehenengo ekitaldi horretan, 50 kirolarik parte hartuko dute triatloiaren hiru diziplinetan: igeriketa, korrikaldia eta bela-itsasaldia.

Urriaren 27an, dokeman, Abra I. Triatloi Solidarioa egingo dute Getxon. EAEren Atzetik Belak Zabalik proiektuak eta Bizkaiko Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren elkarteak (ADELA-Bizkaia) bultzatutako ekimen horrek gaixotasunak jotako pertsonentzako zainketa aringarriek duten garrantzia ikusaraztea du helburu nagusi. Horretarako, 50 partaide bilduko dira igeriketa, korrikaldia eta bela-itsasaldiko probak hartuko dituen ekimen horretan, Getxoko Kirol portuko inguruetan eta Abra kostaldean.

Triatloi horren bitartez, gainera, ADELA-Bizkaia elkartearentzat diru-bilketa egin gura dute eta baita jendea parte hartzera bultzatu, kirol-proba orok adierazten duen erronka abiapuntu hartuta. Lehenengo ekitaldi horretan, 50 kirolarik parte hartuko dute triatloiaren hiru diziplinetan: igeriketa, korrikaldia eta bela-itsasaldia.

Getxoko Kirol Portuaren inguruetan izango da triatloia eta bertako kapitaintza-eraikinean bilduko dira partaideak goizeko 10:30ean. Hortik Ereaga hondartzako ezkerraldera joango dira, Arriluzeko kaiaren ondoan 10:45ean 2.700 metroko igeriketa-proba hasiko dela. Arriluzeko itsasargian ezkerretara hartu eta portuko kapitaintzara abiatuko dira igerilariak proba amaitzeko.

Bertatik 11:25ean abiatuko da korrikaldia Bizkaia Zubiraino eta, jarraian, Algortako Portu Zaharreraino, berriro Kirol Portuan amaitzeko. Guztira, 8.200 metroko ibilaldia egingo dute kirolariek. Horren ondoren, 12:15ean, bela-proba abiatuko da. 3,2 itsas-miliako tartea egingo dute 10 belaontziek Abrako kostaldean, hasiera eta amaiera kapitaintzako kaian izango direla.

Gainera, eguerdian, 12:00etan, Kirol Portuan bertan oroimen-ekitaldia izango da. Aurresku dantza egingo da bertan eta abesbatza-saioa izango da, agintarien parte-hartzeagaz batera. Triatloia 14:00ak aldera amaituko da sari-banaketagaz eta goizean zehar haurrentzako jokoak izango dira umeak ere egunaz gozatzeko aukera izan dezaten.

AEAren atzetik belak zabalik

Ekimen horren bitartez AEAren atzetik belak zabalik proiektuagaz hasitako lanari jarraipena emango zaio. Iaz, horren bultzatzaile den Iñaki Elorriaga getxoztarra, ELAk jota dagoena, Finisterre lurmuturreraino eraman zuen proiektuak bela-itsasaldian. Horren bitartez gaixotasun larri eta konplexua ikusarazi gura egin zuten partaideek, egun Espainiako Estatuan 4.000 bat gaixo erasaten dituena. Triatloiagaz, beste pauso bat emango dute antolatzaileek sendaezina den gaixotasun neurologiko hori eta gaixoen bizitza-baldintzak hobetzeko hain beharrezkoak diren zainketa aringarrien garrantzia erakusteko. Halaber, triatloia dela eta, ADELA-Bizkaiaren aldeko diru-bilketa abian jarri dute. Dohaintzak honako banku-kontu honetan egin daitezke: ES34 2100 4952 122200037309 (Caixa Bank).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun