Sakonean

Gurutzaontziak Getxon: kea dario eztabaidari

Unai Brea 2019ko urr. 10a, 08:00

© BILBOKO PORTU AGINTARITZA

Badira urte batzuk begien parean duzuen irudiak nobedadea izateari utzi ziola Uribe Kostan. 2006an zabaldu zuten Getxon Bilboko Portuaren gurutzaontzientzako terminala. Hogei ontzi inguru ailegatu ziren gurera estreinaldiko urte hartan; 2020rako, berriz, 60 etortzea aurreikusi da, iaz bezalatsu. 85.000 bisitari inguru, gure eguneroko bizimoduan askorik igarriko ez ditugunak. Orain, batzuek mahai gainean ipini dute turismo-mota horren beste inpaktu baten gaineko eztabaida: kutsadura. Aurten argitaratu diren zifra batzuk kezkatzeko modukoak dira, izan.

Artean XXI. mendea hasi barik zegoen lehenengoz gurutzaontzi bat Abrako uretara ailegatu zenean, Santurtziko portura orduko hartan. 1995. urtea zen, eta hiru urte geroago izan zen bigarren bisita. Ia hamarkada bat geroago, 2006an, bidea zabaldu zen mota horretako ontziak gurera sarri-sarri etortzeko; urte hartantxe inauguratu zuten gurutzaontzietarako Getxoko terminala, Bilboko Portuan itsasadarraren eskumako aldean daukan bakarra. Eusko Jaurlaritzak ia hamahiru milioi euroko inbertsioa egin zuen eraikuntza horretarako. 

Orain dela urte bi, 2017an, geltoki berria eraiki zuten, Olatua izenekoa, ontziok hartzeko gaitasuna zuena. Horren kostua 4,6 milioi eurokoa izan zen (BEZ kontuan izan barik), eta beste milioi bat erabili zen pasabide mugikor bat egiteko. Terminal zaharra eraiki ondorengo lehenengo urteetan hogei bat gurutzaontzi heltzen ziren Getxora urtero; gaur egun, berriz, 50-60 izaten dira.

Eman berri dizkizuegun datuak EH Bilduk aipatu zituen joan den uztailaren 24an, Getxoko Udalaren osoko bilkuran aurkeztutako mozio baten azalpenean. Koalizioaren eskari zehatza zen Udalak ingurumen-inpaktuko azterketa bat abiaraztea gurutzaontziei dagokienez, "kostaldean eta getxoztarren osasunean zer-nolako eragina" duten jakiteko. Azterketa hori burutu arte Bilboko Portu Agintaritzari eta Eusko Jaurlaritzari gurutzaontzien sektorea gehiago ez sustatzeko eskatzea zen EH Bilduren mozioaren bigarren helburua. Podemosek alde bozkatu zuen eta Udaleko beste hiru indarrek (EAJ, PP, PSE-EE) aurka; mozioa ez zen onartu.

Zenbat kutsatzen dute gurutzaontziek?

Hilabete bat lehenago, ekainean, gurutzaontziek Europan eragiten duten kutsaduraren gaineko txostena argitaratu zuen garraio-kontuetan diharduen Transport & Environment (T&E) gobernuz kanpoko erakundeak. Argitaratutako kopuruak arreta deitzeko modukoak izan ziren, kutsatzaile zehatz bati dagokionez: sufre-oxidoak. Hain zuzen, T&Ek esan zuen ontzi gehien duen konpainiak, Carnival-ek, 2017an atmosferara igorri zuen substantzia horien kopurua Europako auto denek igorritakoa baino hamar bider handiagoa izan zela. 

Transport & Environment GKEak azpimarratu du kutsadura-datuak handiak direla azken urteetan Europan itsas trafikoaren sufre-emisioak gutxitzeko araudia indarrean ipini arren. 47 gurutzaontzik Europako auto denek (260 milioi) baino hamar bider gehiago kutsatzen dutela adierazi du T&Ek

Carnivalek dituen 47 gurutzaontzi egindako emisioak aztertu zituen T&Ek. Hau da, 47 ontzik 260 milioi autok baino askoz gehiago (hamar halako!) sufre bota zutela ondorioztatzen da zeresan handia eman zuen txosten hartan. Hori guztia, beste konpainietako ontziak kontuan hartu barik. Denera, 143 gurutzaontziren emisioak ageri dira xehatuta azterketan, ez bakarrik sufre-dioxidoarenak, emaitza ikusgarrienak alde handiz konposatu horiei dagozkienak badira ere. 

T&Eren esanetan, azken urteetan sufre-igorpenak murrizteko indarrean ipinitako arau berriakaz ere ez da lortu gurutzaontziek kutsatzaile horren kopuru kezkagarriak aireratzeari uztea, hobekuntzarik izan arren. Bestalde, GKEak dio esku-eskura dugula ontzion inpaktuak desagerrarazteko behar dugun teknologia. Hain zuzen, ingelesezko siglen arabera SSE izenez ezagutzen den lehorreko elektrizitatea aipatzen dute euren txostenean. Horren bitartez, kaian geldi dauden ontziek aukera lukete argindar-sarera konektatu eta ekipo denak kargatzeko, erregaia kontsumitzeko beharrik gabe (gaur egun jazotzen den legez). Haatik, T&Ek salatzen du europar legedia ez dela behar bezain zorrotza: kontinenteko portuetan SSE teknologia egotera behartzen du, baina bere kostuarekiko onuragarria den kasuetan baino ez. Azken batean, emaitza da oso gutxi zabaldu dela teknologia hori, batetik, inork ez duelako inbertsioa egiten duen lehenengoa izan gura (ontzien ugazabek ez dituzte SSEra egokitzen portu gutxitan dagoelako erabiltzeko aukera; portuek ez dute teknologia instalatzen oso ontzi gutxik erabiltzen dutelako); bestetik fiskalitateak ez du pizgarrik ematen, kontrakoa baino: lehorreko argindarragatik zergak ordaindu beharra dago, itsasoan erregaiak erabiltzegatik ez. 

Uztailean Getxon egindako osoko bilkuran, EH Bilduk txosten hori aipatu zuen zuhurtziaz jokatzeko arrazoi nagusi modura. T&Eren azterketan ez da ageri Getxon gurutzaontzi-trafikoak eragindako kutsaduraren gaineko daturik, bai ordea Europako hiri esanguratsu askotan. Denetan Bartzelona nabarmentzen da. Kataluniako hiriburuko portua ez zen izan azterketaren urtean, 2017an, gurutzaontzi gehien jaso zuena (Lisboari egokitu zitzaion ohore hori, gutxigatik bada ere), ez eta ere ontziok portuan ordu gehien eman zutena (alde handiz, Greziako Pireo gailendu zitzaion horretan), baina bai sufre-konposatuen igorpen gehien neurtu zirena. 

Gurutzaontziek erabiltzen duten erregaian askoz ere sufre gehiago dago automobilenetan baino; zehazki, 3.500 bider gehiago

Orain dela bost urte inguru RTVEren webgunean argitaratutako artikulu batean irakur daitekeenez, Bartzelonara ailegatzen diren gurutzaontzien kutsadura hiritik 400 kilometrora ere igartzen da, zenbait talde ekologistaren esanetan. Kasu horretan aipatzen den kutsadura ez da sufreak eragindakoa, partikula astunen ondoriozkoa baino. Hala ere, iturri berek adierazi zuten gurutzaontziek erabiltzen duten erregaian askoz ere sufre gehiago dagoela automobilenetan baino; zehazki, 3.500 bider gehiago.   

Getxo ez da txikienetakoa

T&Eren txostenean Europako portuen zerrenda luzea ikus daiteke (62, denera), orain dela urte bi horietako bakoitzetik igaro ziren gurutzaontzi-kopurua adierazita. Datuei begira ondoriozta daiteke Getxoko terminala ez dela ontzi gehien hartzen duenetakoa, baina sailkapenaren beheko aldean ere ez dagoela inondik inora. Urte hau amaitu orduko mota horretako 50 ontzi inguru izango dira Abran geldialdia egin dutenak, eta 2020an 60 espero dira, gutxi gorabehera 2018an legez. 

Konparazioak egite aldera, T&Ek aipatutako portuetatik, (asko sona eta tradizio handikoak), bederatzian baino ez zen gainditu 70 bisitaldien zifra. Kopuru handiena, esan dugunez, Lisboakoa izan zen: 115. Eta hura izan zen Bartzelonagaz batera 100etik gora ibilitako bakarra. Aldiz, askok eta askok hartu dituzte gutxi gorabehera Getxok bezainbeste ontzi, eta ez dira gutxi haren aldean sano apal ibili direnak ere.

T&Ek emandako kopuruetatik ezin daiteke korrelazio argirik ondorioztatu sufrezko kutsaduraren eta ontzi-kopuruaren artean, ezta ontziok portuan ematen duten denboraren artean ere. Hori dela eta, nekez egin liteke estrapolazio guztiz fidagarririk Abrara datozkigun gurutzaontziak zenbatze hutsetik abiatuta (nahiz eta denen kasuan, portuetan neurtzen den kutsatzaile horren kantitatea hiri bereko autoek botatzen dutena baino askoz handiagoa izan).

Kalkulu erraz batek adierazten digu batez beste 1.460 pertsona inguru etorri zirela bidaia bakoitzean, baina azpimarratzekoa da tamainari dagokionez alde handia egoten dela gurutzaontzi batetik bestera

Behin hona helduta, komeni da aipatzea gurutzaontziek oso geldialdi laburrak egin ohi dituztela portuetan. Arlo horri dagokionez bai, Getxoko informazioa dugu, Bilboko Portu Agintaritzak emandakoa: "Gurutzaontziak goizez portura ailegatu eta eguna bertan ematea da arruntena; 08:00etatik 19:00etara, gutxi gorabehera. Ez da ohikoa gaua bertan ematea, hala izan dadin lanean bagabiltza ere". Portuak berak kaleratutako 2018ko memoriak dio urte horretan etorritako 59 gurutzaontzietatik zazpik egin zutela gaua Getxoko kaian. Bide batez esateko, denera 86.500 bidaiari ekarri zituzten ontzi horiek (aurten 70.000 izan dira), terminala existitzen denetik kopururik altuena. 

Kalkulu erraz batek adierazten digu batez beste 1.460 pertsona inguru etorri zirela bidaia bakoitzean, baina azpimarratzekoa da tamainari dagokionez alde handia egoten dela gurutzaontzi batetik bestera. Aipatzekoa da, konparazio baterako, aurten Getxon izandako Celebrity Edge, 3.918 bidaiari eroan ditzakeena; beste batzuetan, berriz, ehunka batzuek «baino» ez dute bidaiatzen. Gure itsas bazterrera hurreratzen den jende-olde horrek uzten duen arrastoaz, bereziki inpaktu ekonomikoaz, geroago egingo dugu berba.

Gurutzaldiak antolatzen dituzten konpainien nazioarteko elkarteak (CLIA) txostena argitara eman eta ia berehala adierazi zuen zientzialariek behar bezala balioztatu barik zabaldu zirela haren ondorioak

T&Eren txostenagaz ados ez

Gurutzaontzi-enpresek T&Eren txostenari emandako erantzunak ez du inor ustekabean harrapatu: emaitzak ukatu dituzte. Gurutzaldiak antolatzen dituzten konpainien nazioarteko elkarteak (CLIA) txostena argitara eman eta ia berehala adierazi zuen zientzialariek behar bezala balioztatu barik zabaldu zirela haren ondorioak, eta egileen usteen araberakoak direla ondo egindako neurketen araberakoak baino. 

Gainera, CLIAk azpimarratu zuen etorkizunean «zero emisio» egiteko konpromisoa duela, eta daborduko helburu horretaranzko pauso ugari eman dituela, ontzi asko egokituz edo egokitzen hasiz. Gurutzaontzien trafikoa itsasontzi-trafiko osoaren %1 baino gutxiago dela ere nabarmendu zuten. Transport & Environment GKEak, bere aldetik, azterketan erabilitako metodologia defendatu zuen; izan ere, txostenaren hasierako orrialdeetan metodologia horren azalpen mardula ageri da (ingelesezko bertsioan baino ez, dena esatera).

Getxori dagokionez, ingurumenagaz zerikusia duten hainbat parametro (airearen eta uraren kalitatea, zarata...) aztertzen dituela erantzun die Bilboko Portuko Agintaritzak HIRUKAk egindako galderei, "eta jakina, Getxoko gurutzaontzien geltokian ere egiten ditugu analisi horiek". Portuaren berbetan, neurketetan lortutako emaitzetatik ezin daiteke ondorioztatu gurutzaontziak dauden egunetan kutsatzaile batzuen kopuruak (S02, PM10) gora egiten duenik, ez Areetako ezta Algortako neurtze-estazioetan ere.      

"Legeak ezarritako mugen barruan"

Antzeko argudioak erabili zituzten Getxoko Udaleko gobernu-taldean dauden alderdiek uztailaren 24an egindako osoko bilkuraren eztabaidan. PSE-EEko Carmen Diazek, adibidez, EH Bilduko ordezkariei esan zien azterketak egon badaudela, "legediak horretara behartzen duelako, eta emaitzak bilatzen badituzue ohartuko zarete balioak ez direla oso desberdinak Getxora gurutzaontziak ailegatzen direnean, eta legeak ezarritako mugen barruan daudela beti". Edozein kasutan, mozioak eskatzen zuen ingurumen-inpaktuaren azterketa udal baten eskumenetatik kanpo dagoela ere argudiatu zuen Diazek, eta horixe zela ezezko botoa  emateko beste arrazoi bat.

"2018an 50 gurutzaontzi egon ziren, eta portu osoan guztira 2.925 ontzi ibili ziren; gurutzaontziak % 1,7 besterik ez ziren" (Joseba Arregi, EAJ)

Joseba Arregi EAJren ordezkariak, berriz, Bilboko Portuaren ingurumen-estrategia guztiz egokia zela adierazi zuen, "portu batez berbetan gabiltzala ahaztu barik". Arregik fokua gurutzaontzietan ipintzea ere aurpegiratu zion EH Bilduri: "2018an 50 gurutzaontzi egon ziren, eta portu osoan guztira 2.925 ontzi ibili ziren; gurutzaontziak % 1,7 besterik ez ziren. Airearen kalitateak kezkatu behar gaitu, ez kutsadura nork eragiten duen. Horri buruzko azterketak egin egiten ditu Bilboko Portuak, eta ondorioa da airearen kalitatea bermatuta dagoela". Ildo beretik, gurutzaontziak eta gainerako itsas trafikoa bereiztearen aurka agertu zen PPk alderdiko ordezkaria.      

Beste inpaktua: bidaiariek utzitako aztarna

Mozioa aurkezteagaz batera gaiaren inguruan zabaldutako bideo laburrean, EH Bilduk dio gurutzaontzietako bidaiarien % 70 ez direla ontzitik jaisten portuko egonaldiak irauten duen bitartean. Izan ere, datua bideo horretan txertatuta dagoen ETBren albiste batetik ateratakoa da, eta ez dago oso argi nondik datorren, baina bat etor daiteke gurutzaontziak batez beste terminaletan geldirik egoten diren denbora laburra izateagaz. 

ETBren albiste horretan bertan, Getxoko Kirol Portuko ostalariren bat agertzen da, gurutzaontzien etorrerak berebiziko onurarik ekartzen ez diola adieraziz, are gutxiago ontzi bakoitzean ehunka edo milaka lagun etortzen direla kontua izanda. Bestela esanda, hutsaren hurrengoa sartzen dela bertako tabernetara. Datu zehatzik ez dago, hala ere.

Gaiaz galdetuta, Bilboko Portu Agintaritzak honako hau dio: "Zaila da zifrak ematea, baina kalkulatu egin da gurutzaldi baten erdian dauden bidaiariek (hau da, bidaia Getxon hasi edo amaitzen ez duteek) batez beste 125 euro gastatzen dutela eskala bakoitzean; bidaia berton hasten dutenen kasuan, berriz, 200 euroraino handitzen da kopurua". Ez dute zehaztu gastu hori non egiten den. Bestalde, iaz Getxon izandako 86.500 gurutzaontzi-erabiltzaileetatik, 3.000 baino gehitxoago izan ziren bidaia hemen hasi edo amaitu zutenak. "Kopuru hori handiagoa izan dadin lanean ari gara", azaldu dute Portuko iturriek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun