Fakirraren ahotsa

Imanolen bizitza, fikzioz jantzita

Nahikari Ayo Acebo 2019ko urr. 17a, 08:30

«Mundua ez da beti jai / inoiz tristea ere bai / baina badira mila motibo / kantatzeko alai! ». Xabier Amurizaren hitzei Imanol Larzabalek jarri zien ahotsa. Eta pasarte horretan bezala, une on zein txarrak jasan behar izan zituen, argi-itzalak. 

Harkaitz Canok Imanol Lurgain kantariaren kontuak dakarzkigu: Imanol Larzabalen bizitza fikzionatua. Nabaria da Canok informazio asko pilatu duela, dokumentazio lan itzela egin duela. Larzabalen bizitzak, eleberri bihurtuta, Euskal Herriko historiaren une gogorrenak birgogoratzeko aukera ematen digu: frankismoa puri-purian, errepresioa, erbestea, militantzia, konpromisoa, mehatxuak… Urriaren 24an izango dute eleberria hizpide Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan, Villamonteko Kultur Etxean, Algortan, 19:30ean hasita. 

Imanol Lurgain Fakirra ezizenez ezaguna denaren pozak eta miseriak erakusten dizkigu Canok. Bere bizitzan, zein eleberrian, oso puntu garrantzitsuak iruditu zaizkit Martuteneko ihesa eta Arakis-en (Yoyes) hilketa. Bietan zeresana izan zuen eta bere ibilbide politikoa markatu zuten. Eta hortxe etorri ziren gatazka ugari, bai bere buruarekiko zein herriarekiko.

Canok fikzioa egin nahi izan du, baina errealistegia atera zaio. Nahiz eta izenak aldatu, badakigu nortzuk diren pertsonaia horiek, nabarmenegia da. Askotan, Lurgain eta Larzabal pertsona berdina dira. Ematen du irakurlea despistatu nahi duela. Militantziaz, borrokaz, politikaz hitz egiten du. Baina Fakirra kantaria izateagatik zen ezaguna. Ez Dok Amairuren garaian askok abesteko hautua egin zuten militantziagatik. Fakirra-ren hasierako helburua horixe zen, baina ondoren konturatu zen musikatik bizi eta artista izan nahi zuela.

Arakis-en hilketaren ondoren, haren omenaldian abestu eta gero, asko oldartu zitzaizkion: pintadak, mehatxuak, bertan behera utzitako kontzertuak… Sektore batek sekulan ez dio barkatuko hartutako jarrera. Lurgainek uste du gizartea berarekin zorretan dagoela: kartzela, Pariseko erbestea, militantziari emandako guztia, Sarrionandiaren ihesaldian parte hartu izana… Baina gizartearen zati batek ez du horrela sentitzen. Tamalez, garai hartan, Euskal Herria zuria edo beltza zen, erdibideak ez zuen tokirik. Alde edo kontra. 

Liburuak, politikaz gain, beste gai batzuei buruzko gogoetak egiten ditu: Donostia, bizitza, mina, aita izatea (askotan aipatzen du), musika, denboraren joan-etorriak… Agian, Canok indar handiagoa egin izan balu horretan, errealismoa ez zen hain agerikoa izango. 

Liburua irakurrita duda bat sortu zait: Canok asmatu egin du eleberria eginda, edo biografia bat idaztea hobea izango zatekeen? Zergatik ez saiakera bat? 

Edozein kasutan ere, liburu gomendagarria da Euskal Herriaren historia kultural eta politikoan barrena bidaiatzeko, zeresana eman zuen kantari baten eskutik. 

Liburuaren fitxa

Egilea: Harkaitz Cano
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2018
Orrialde-kopurua: 352
Jatorrizko hizkuntza: Euskara

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun