Urriaren 25era arte dago zabalik Argia Ereiten Sarirako hautagaitzak proposatzeko epea

Erredakzioa 2019ko urr. 16a, 09:18
© GETXOKO UDALA

Euskararen gizarte erabilera babestea, sustatzea edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoak goraipatzea da Getxoko Udalak urtero antolatzen duen Euskara Saria Argia Ereiten lehiaketaren helburua.

Udalak herritarrak animatu gura ditu beren inguruan, familian, kuadrillan, kultur, kirol eta abarreko elkarteetan euskararen alde lan egiten duten pertsonak aurkeztera. Hamargarren ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea datorren urriaren 25ean amaituko da. Hautagaiak aurkezteko inprimakia deskargatu hemen eta euskara@getxo.eus posta elektronikoaren helbidera bidali behar da edo posta arruntez Euskara Zerbitzura. Saria Ibon Garagarza eskultore getxoztarraren lana izango da.

Aurreko sariak

Lehen edizioaren irabazlea Laura Lapeyra izan zen. Saridunak Juan Bautista Zabala ikastetxeko Gurasoen Elkartean euskararen erabileraren alde egindako lanagatik jaso zuen saria. Bigarrena Bittor Egurrolarentzat izan zen, bizitza osoa hizkuntza sustatzera dedikatzeagatik; hirugarrena San Nikolas ikastolarentzat, bere 50. urteurrenean euskarazko heziketan burututako lanagatik; laugarrena Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzaren alde egindako lanagatik; bosgarrena Gobela Ikastolarentzat, bere 50. urteurrenean; seigarrena Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat, euskararen alde egindako lana, eta bereziki udalerrian duela 20 urte baino gehiago abian jarritako Berbalaguna aitortzeko; zazpigarrena Goñi familiarentzat, Getxogaso gasolindegian egindako lanagatik; zortzigarrena Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari, bere kirol jardueran euskara sustatzeagatik eta bederatzigarrena ALBErentzat 1980an sortu zenez geroztik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun