Getxoko Udalak ohar baten bidez azaldu du URAgaz batera zer-zelako lanak egiten dabiltza egunotan Gobela inguruan, baita urte osoko jarduerak zeintzuk izaten diren ere: "Ekintza-planak ezartzen duenez, Udalak ibaien ibilgu eta ezpondetan sasitza kentzeko lanak egingo ditu, Gobelan hiru aldiz urtean, eta bi aldiz Bolue eta Kandelun, urtero ere". URAk, berriz, uholde-lautadetako sasiak kentzen ditu irail-urrian; udan ez da garbiketa-lanik egiten, landareei lasai hazten uzteko eta ibaiko animaliei enbarazurik ez egiteko.
Getxon ibaien zati gehienak hiri-barrutik ibiltzen direnez, arratoien aurkako tratamenduak ere egiten dira. Bestalde, lan zehatzak egiten dira landare inbaditzaileak kentzeko, batez ere Fallopia Japonica eta Cortaderia Selloana (panpa-lezka). Gobelaren ibilguan azken horren kopurua "nabarmen murriztu" dela adierazi du Udalak.
Gainera, aurreikusita dago hainbat zuhaitz eta zuhaixka landatzea ibai-bazterretan, "higaduraren aurrean eraginkorrak" direlako, eta "uraldiak geldiarazten" dituztelako.