Ekimenaren helburua udalerri berdinzaleago eta barneratzaileagoak lortzea da, EUDELek azaldu duenez. Gaur egun, Bizkaiko hautetsien %46,9 dira emakumeak (579 denera, 1.235etik). EAEn portzentajea ia berdina da: %46,1, aurreko legegintzaldian baino %4,6 gehiago. Hala ere, emakumezko alkateak %30 baino gutxiago dira oraindino EAEn. Bizkaian, zehazki, 32k dute aginte-makila, 112 udaletan. Hau da, %28,6. Esan beharra dago, hala ere, Uribe Kostan %50era igotzen dela alkate-portzentajea.
"Botere-egiturak eta espazioak funtsean gizonek eta gizonentzat pentsatuta daude oraindik ere", esan du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak; "androzentrikoak dira, besteak beste, espazio hori emakumeentzat debekatua izan delako luzaroan, eta, horren ondorioz, emakumeek zailtasunak izaten dituzte beren zereginaren jardunean". Datozen urteetan Virginia Woolf Basqueskolak egoera horri aurre egiten jarraituko duela iragarri du Landaidak.
Bide horretan programa pilotu bat ipiniko dute martxan, gaurko ekitaldian adierazi dutenez. Horren bitartez, andrazko hautetsi boluntarioek osatutako aholkulari-taldea sortuko da, lehenengoz politikan dihardutenei laguntzeko. Boluntario horietako batzuk jardunean daude eta beste batzuk erretiratuta. Euren artean dago, besteak beste, orain gutxi arte Leioako alkate izandako Mari Carmen Urbieta, baita Getxo eta Urdulizko zenbait zinegotzi ere, besteak beste.
"Gero eta emakume gehiago gara udal-politikan, eta eragin handiagoa izateko batu behar gara”, esan du Amaia Agirre Getxoko alkateak gaurko ekitaldian, eta "neurrira egindako lidergoa" eskatu du. "Emakumeek gobernatzea beharrezkoa da, emakumeak aintzat hartzeko tokiko bizitzan eta gizarte osoan”.