Udal-zerga txikiagoak gura ditu PPk

Erredakzioa 2019ko urr. 29a, 15:27

Ondasun Higiezinen Zerga da PPk murrizteko eskatu duenetako bat.

Hainbat zerga eta tasa jaistea edo bere horretan uztea eskatu du gaur Getxoko Alderdi Popularrak, "udaleko gobernu-taldearen diru-bilketarako grina" salatzeko kaleratutako ohar baten bidez. Zehazki, hamabi zuzenketa aurkeztu dizkiote gobernu-taldearen zerga-proposamenari. Besteak beste, Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) eta zirkulaziokoa murrizteko eskatu dute. 

"Hiru urtez zergarik igo ez eta EAJk PSEren laguntzaz gehiengo absolutua izateari itxaron behar izan du berriro herritarrei zerga horiek berriro handitzeko", adierazi du PPko zinegotzi Eduardo Andradek. Haren berbetan, igoeraren bitartez gobernu-taldeak lortu gura duen gauza bakarra udal-kutxa gizendu eta "herritarren diruagaz bankariarena egitera jolastea" da.

Andradek nabarmendu du Udalak iazko ekitaldiko 43 milioi gastu barik dituela, eta honenbestez dirua "getxoztarren patrikan" uztea dela egokiena momentu honetan. Hala, deitoratu egin dute OHZ eta zirkulazio-zergak %1,1 eta Getxo Kirolaken, udal-egoitzaren eta musika-eskolaren tasak %5 igotzeko proposamena.

PPren proposamena zirkulazio-zerga orokorrean %0,5 jaistea eta gaur egun legeak baimendutako zergarik handienak ordaintzen duten zilindrada handiko ibilgailuen ugazabentzat jaitsiera hori %33koa izatea da, kontsumo eraginkorra dutenei hobariak eskaintzeaz gain.

OHZri dagokionez, %3 murriztea da popularren eskaria. Portu Zaharreko bizilagunei zergarik ez kobratzea eta beste batzuei %95eko edo %50eko beherakadak ezartzea ere proposatu dute.  

Getxo Kirolaken tasak %5 jaistea ere gura du PPk (gobernu-taldeak portzentaje horixe igotzea proposatu du): "Azken urtean galdutako  abonatuak berreskuratzeko asmoak bultzatuta egin dugu proposamen hori; gainera, ez da bidezkoa tasa horiek igotzea udaleko kirol-instalazioak egoera negargarrian daudela jakinda". Musika-eskolaren eta udal-egoitzaren tasak, berriz, izozteko eskatuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun