Dena prest Punta Galea Challenge olatu handien surf lehiaketaren 14. ediziorako

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 30a, 09:02

Atzo, martitzenean, aurkeztu zuten Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan (HTZ) Punta Galea Challenge olatu handiko surf txapelketaren 14. edizioa. Barikuan, azaroaren 1ean, hasiko da itxarote-epea eta martxoaren 31ra arte iraungo du.

Amaia Agirre Getxoko alkatea, Javi Amezaga txapelketaren antolatzailea eta Ibon López surflaria egon ziren atzoko aurkezpenean. Bertan azaldu zutenez, bariku honetan hasiko da itxaronaldia, martxoaren 31ra arte iraungo duena. Denbora tarte horretan, parte meteorologikoak aztertu eta onena iragartzen duten eguna aukeratuko dute txapelketa egiteko. Deialdia 48 ordu lehenago egingo dute.

Hala, olatu handien surfeko proba ospetsua baldintza egokien zain egongo da Galean, munduan izen handia duten 24 surflari biltzeko. Hego Afrikako Grant “Twiggy” Baker, Portugalgo Alex Botelho eta Kaliforniako Nic Lamb (Getxon irabazlea bi alditan) bezalako nazioarteko surflariei tokiko eta maila handiko lehiakideak elkartuko zaizkie; berbarako, Lapurdiko Pierre Rollet, iazko irabazlea, Plentziako munduko sailkapenean 5.a den Natxo González, Getxoko Javier Horn eta Ibon López, besteak beste. “Aurten olatu handien munduko zirkuituak aldaketa batzuk jasan ditu, eta horren ondorioz, Galea Europako modalitate honetako proba bakarra izango da, nazioarteko proba, non munduko surflari onenak euren artean lehiatu daitezen saiatzen garen", nabarmendu du Amezagak, Punta Galea Challengeko antolakuntzako kideak.

Antolaketa taldearen barruan Getxo Surf kluba, Euskal Herriko Surf Federazioa eta Getxo Kirolak daude, eta horien helburua da aipatutako hilabete horietan egunik egokiena aurkitzea txapelketa egiteko; izan ere, indar handiko olatuak eta 5-7 metro arteko altuerakoak behar dira. Kantauri itsasoan udagoiena olatu handiakaz eta aldeko haizeakaz hasi denez, antolatzaileek denboraldi "ona" espero dute, eta baldintza ezin hobeak xehetasunez aztertuko dira denboralea iristean. Beraz, argi berdea emandakoan, surflariei aurretik egingo zaie deia, eta bitartekoak abian jarriko dira parte-hartzaileek segurtasun-baldintza onenakaz lehiatzeko aukera izan dezaten, baita Galeako anfiteatro naturalean, iaz bezala, 20.000 pertsona inguru ere bildu daitezen.

Ekitaldi horretako protagonistetako bat, zalantzarik gabe, Ibon López surflari sopeloztarra izango da, antolakuntzaren gonbidapena jaso ondoren bigarren urtez lehiatuko baita. "Bakarrik espero dut itsaski on bat egotea eta olatu handiak nire lagun guztiekin partekatu ahal izatea eta ekitaldiaz gozatzea. Galeako olatua besteekiko ezberdina da, olatu ikaragarria da, oso luzea eta oso dibertigarria", aipatu du surflariak.

Itsas eta irristatze kirolen industriagaz loturiko ekitaldia

Amaia Agirre alkateak azpimarratu duenez,  itsasoagaz eta irristatzeagaz loturiko kirolen inguruko industria sustatzeko egiten diren ekitaldietako bat da Punta Galea Challenge ekitaldia. “Udalerrian sektorearekin zerikusia duten 60 enpresa eta jarduera daude, eta udalerriak itsasoarekin loturiko aisiarako 25 plan eskaintzen ditu. Hortaz, ekitaldia dela eta, topaketa profesionalak eta programak antolatzen ari dira Sopelako eta Plentziako udalekin elkarlanean, baita Euskal Herriko eta Frantziako kostaldeko entitateekin batera ere, gorantza doan eta gure lurraldean hain sustraituta dagoen sektorearen alde, surfaren alde, egiteko”.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun