Arimen gaua

Gau Beltza: antzinako errituak berrasmatu gura dituzte herriko gazteek

Unai Brea 2019ko urr. 30a, 11:11

Mozorro-lehiaketa eta jaia egingo da Algortako Azebarri Kultur Elkartean, urriaren 31ko iluntzean, Getxoko hainbat gazteren ekimenez. "Erritual asko mantendu ditu gure herriak, baina beste asko galduz joan dira", adierazi dute, "haien ezagutza ia galtzeraino". Tradizioa gaurkotu eta, modu horretan, iraunarazteko asmoz, Gau Beltza dabil zabaltzen Euskal Herrian, eta horixe da Azebarrin egingo dutena. "Berreskuratzea baino, ospakizuna berrinterpretatzea, birsortzea". 

Azebarri kulturguneak, Azegaztek, Egizuk, Gaztetxosnak, Euskarabenturako gazteek... Esku asko batu dira aurtengo Gau Beltzaren ospakizuna antolatzeko. Oinarria mozorro-lehiaketa izango da, trapu zaharrakaz egindako mozorroena hain zuzen. Jaiaren gunean bertan trapu bete kutxa bat izango dute, nork bere mozorroa bertan sortzeko, hala gura izanez gero. 

"Antzinako errituak berrasmatzeko asmoarekin sortu da egitasmoa", azaldu dute antolatzaileek. "Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan,  hainbat erritu egin izan dira Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Uretaren heriotza, uzta-bilketa, hildako senideen oroimena... Barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzak elkar beldurtuz jolasean aritzeko parada eman ohi digute".

Ildo horretan, Euskal Herri osoan Gau Beltza ospatzeko deia egin du Euskaltzaleen Topaguneak, bideo honen bitartez:

Aurten mozorro-lehiaketa eta jaia antolatu dituzte Algortan, eta datorren urtean ekimena zabaltzeko asmoa agertu dute, elkarlanera batuz ikastolak, guraso-elkarteak... denek batera gazte eta umeen arteko "beldurraren ibilbidea" sortzeko.

Gau Beltzaren egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun