Zientziari lotutako bisita gidatuak egingo dituzte Begoñako galerietan

Erredakzioa 2019ko urr. 31a, 14:33

Bisita gidatuak egingo dituzte Begoñako galerietan. © GETXOKO UDALA

Aurten ere Begoñako galeriek parte hartuko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astean, EHUk antolatuta. Ilusioa eta zientzia Punta Begoñan lema oinarri hartuta, bisita gidatuak egingo dituzte galerietan barrena bertako istorioak eta sekretuak transmititzeko.

Antolatutako egitarauaren bitartez, gazteek edo adinekoek, haurrek edo nerabeek, zientziara modu atseginean hurbiltzeko aukera izango dute, egunez egun horregaz lan egiten dutenen eskutik; kasu honetan, Kultura Paisaien eta Ondarearen Unesco Katedrako ikertzaileen eskutik antolatuko dira bisita gidatuak. Baldintza bakarra jakin-minez eta ondo pasatzeko gogoz hurbiltzea da, eta gomazko zolaz itxitako oinetakoak eta berokia eramateko gomendioa egin dute arduradunek.

Kondairazko ibilbideak azaroaren 6an, 7an eta 8an egingo dira, 16:00etan, eta zapatuan, hilak 9, 12:00etan, gaztelaniaz. Iraupena 60 minutukoa izango da. Taldeak publiko guztiarentzat egongo dira zabalik, eta talde bakoitzak gehienez 25 lagunentzako lekua izango du.

Begoña galerietako Bisitarien Zentroa (Arriluzeko kaia, Itsasoko Gurutze Gorriaren aurrean) izango da abiapuntua. Parte-hartzaileei bertaratzeko eskatuko zaie, hasiera ordua baino 10 minutu lehenago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun