Lau gazte etorkin identifikatu ditu Getxoko Udaltzaingoak horien kanporatze-prozedura abiarazteko

Iker Rincon Moreno 2019ko aza. 8a, 14:21
Gazte etorkinak San Nikolaseko parrokian lanean. © ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK

Atzo, eguenean, Getxoko Udaltzaingoak lau gazte immigrante identifikatu eta Bilboko Espainiako Polizia-etxera eraman zituen, bertan Atzerritarren Probintzia-taldearen esku uzteko, Harribide Fundazioak jakinarazi duenez. Bertatik Atzerritarrak Barneratzeko Zentro (CIE) batera bideratzea aurreikusita zegoen, baina horiek gainezka daudenez, aske utzi dituzte gazteak. Harribide Fundazioak Getxoko Udaltzaingoaren "neurriz kanpoko" jokaera salatu du.

Atzo, eguenean, 19:00ak aldera, Getxoko hiru udaltzainek lau magrebtar identifikatu zituzten, "inolako azalpenik eman gabe", eta Bilboko Indautxu auzoan dagoen Espainiako Polizia-etxera eraman zituzten, Harribide Fundazioak jakinarazi duenez. Bertan, lau gazteak Atzerritarren Probintzia-taldearen esku gelditu ziren, horien egoera irregularra (ez dituzte paperak) dela baieztatu ondoren.

Egoera horren aurrean, Harribide Fundazioko abokatu bat gerturatu zen Indautxuko polizia-etxera jazoerak argitu eta gazteak defendatzeko. Izan ere, salatu dutenez, Getxoko Udaltzaingoaren jarrera "bidegabea eta neurriz kanpokoa" izan da.

Iturriek azaldutakoaren arabera, identifikatutako lau gazteetatik hiruk kanporatze-prozesu administratiboak irekita zituzten, exekuzio fasean. Hori dela eta, gaur Espainiako Poliziak Bilboko Instrukzio Epaitegien esku utzi dituzte gazteak Atzerritarrak Barneratzeko Zentro (CIE) batean sartu eta horiek Estatutik kanporatzeko agindua eman dezaten. Hala ere, Harribide Fundazioak emandako informazioaren arabera, lau gazteak aske gelditu dira CIEa "beteta" dagoelakoan. "Kasu honetan, ez dituzte gazte hauek kanporatutako; hala ere, Getxoko Udalarekin bilera bat eskatu dugu Udaltzaingoaren jokaeraren nondik norakoak azal ditzaten", iragarri dute fundaziokoek. Izan ere, azaldu dutenez, Udaltzaingoek ez dute eskumena atzerritarren arloan, eta atzokoak bezalako jokabideek gazte etorkinak integratzeko eta laguntzeko egindako lana "dinamitatu" egiten dutela deitoratu dute.

San Nikolas parrokiagaz elkarlanean

Atzo identifikatutako lau gazteetatik bat Algortako San Nikolas parrokian ibili da azkenaldian, beste lau gaztegaz eta parrokoagaz elkarbizitzen eta gizarteratzeko ahaleginean. Harribide Fundazioa gazteokaz ere ibili da lanean harrera-proiektu bat garatzen, "Yala, etorkinen Harrera" izenekoa.

HIRUKA Getxoko Udalagaz harremanetan jarri da jazoera honen nondik norakoen azalpenak jasotzeko; hala ere, oraindino ez du inolako erantzunik jaso arduradunen partetik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun