Talde artistikoan, Viar beraz gain, badaude izen ezagunak: testuak egiteaz arduratu den Unai Elorriaga idazlea, Javier Liñera dramagilea, José Luis Raymond eszenografoa eta Miguel Salvador musikaria, besteak beste. Horiei batuko zaizkie helduen sei abesbatza, umeen bost, euskal dantzen bi talde, hainbat estilotako dantza akademia eta taldeak, antzerki-interpretazio zentro bat eta Andres Isasi Musika Eskolako ikasleak. Azken horiek obra zuzeneko musikaz jantziko dute. Matxalen Bilbao dantzari eta sortzaileak ere parte hartuko du, eta koreografia bat prestatu du ikuskizunerako.
Arte klasikoetako musetan dago inspiratuta Getxoko islak, eta Unai Elorriagaren testuetako istorioak dira ardatz nagusia. Hala, saio bakoitzak barne hartzen dituen ikuskizunak elkar lotzen joango dira. Guztira sei funtzio egingo dira: hilaren 21ean (eguena) eta 22an (barikua), 19:30ean; hilaren 23an (zapatua), 12:00etan eta 19:30ean; eta, azkenik, hilaren 24an (domeka), 12:30ean eta 18:30ean. Horietako bakoitzean hainbat kolektibok hartuko dute parte; hala, interpretazio bakoitza bakarra izango da.
Getxoko islak komunitatearen eta hainbat belaunaldiren arteko ospakizun gisa sortu zen. Askotariko gaitasun artistikoak dituzten adin guztietako getxotarrek beren talentua eta udalerriko bizitza kulturalari egiten dioten ekarpena erakutsiko dute. Proiektu inklusiboa ere bada; izan ere, gaitasun anitzeko taldeek parte hartuko dute, eta berdintasuna, tolerantzia eta elkarbizitza bezalako balioak indartuko dira.
Obra eszenikoaren errepresentazioa herriko lau artistak egindako hainbat lan bisualakaz osatuko da. Merce Zuluetaren sinadura darama Mandalas de mujer lanak. Kostaldean jasotako materialakaz egindako piezak batzen dituen erakusketa da, eta udalerriko dozenaka emakumeren lana goraipatzen du. Bestalde, Pablo Zabala eta Ibon Garagarza sortzaileek proiektuari egingo dizkioten ekarpenak izango dira, hurrenez hurren, udal artxiboko argazki batetik abiatuta egindako koadro bat eta Fingers pointing at izeneko instalazioa. Azkenik, Mikel Klemente artista bisualak bideo-instalazioa diseinatu du ekimenerako. Horrezaz gain, Getxoko zortzi ikastetxe eta lau arte tailerretako ikasleek eskuz egindako mozorroak sortu dituzte, musa klasikoak inspiraziotzat hartuta. Ikuskizuna dela eta, lan guztiak ikusgai egongo dira Muxikebarriren barruan zein kanpoan.
Azkenik, ikuskizunagaz batera, hainbat ekitaldi egongo dira Muxikebarriko beste areto batzuetan nahiz hirigunean. Musika-kalejirak, Musika Eskolako ikasleen eta horren baitan dauden hainbat talderen kontzertuak eta Algortako Bertsolari Eskolaren saio bat egongo dira Getxoko islak ekimenaren egitaraua osatzeko.