Udaleko Ingurumen Arloak Getxoko Abran hegaztiak behatzeko jarduera berri bat antolatu du; datorren zapatuan, hilaren 16an, izango da, 09:30etik 13:30era bitarteko ordutegian. Jarduera hori ere joan den martxoan egin zen, eta "Getxonatura, ezagutu eta zaindu ezazu” jardunaldien barruan kokatzen da. Horren helburua da Getxoko Abran babestu, elikatu, negua eman eta migrazioan atseden hartzeko aprobetxatzen duten hegazti-espezieetako batzuk erakustea hurbildu gura duen jendeari. Data oso egokiak dira, besteak beste, honako hegazti hauek ikusteko: anatidoak, kaioak, koartzak, zangaluzeak, txenadak, ubarroiak, txilinportak, murgilak, aliotak, eta abar, bai eta, ziurrenik, inguru horretatik buelta bat ematen duen espezie ez hain arrunten bat ere.
Gainera, espezie desberdinen ezaugarriak eta gure udalerria nola erabiltzen duten azalduko da; horrela, hegazti horiek behatuz, gozatuz eta identifikatuz haien balio eta zerbitzu ekosistemikoak transmititu ahal dira.
Jardunaldi horretarako bi puntu egokituko dira: lehenengoa, oinarri gisa mantenduko dena, La Bola hondartza izango da berriro; eta bigarrena, ibiltaria izango dena, itsasargiaren kai-muturrean zeharrekoa. La Bola hondartzako behatokiak informazio mahaia eta ornitologo profesionalak izango ditu, eta bertatik ikus daitezkeen hegazti espezieak erakutsiko dituzte, teleskopioen bidez. Beste ornitologo bat itsasargiaren kai-muturrean kokatuko da, kanpoko Abran egon daitezkeen beste hegazti batzuk aurkitzeko. Bi behaketa-postuak etengabeko komunikazioan egongo dira, bitxikeriarik edo berezitasunik agertuko balitz ere. Horrela, jardunaldi horretan, parte-hartzaileek paseatu eta behaketa-gune batetik bestera joan daitezke, eta, zortea izanez gero, ikus daitezkeen hegazti-espezie desberdinen kopurua handitu dezakete.