“Indarkeria matxistarik gabeko espazioen sarea” kanpaina aurkeztu dute Getxon

Erredakzioa 2019ko aza. 14a, 10:33

Kanpaina aurkeztu zuten atzo Carmen Díaz zinegotziak eta Amaia Agirre alkateak. © GETXOKO UDALA

Indarkeria matxistarik gabeko sare bat sortzea da Getxoko Udalak sustatutako kanpaina horren helburua, azaroaren 25ean izango den Emakumeen aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta. Horren nondik norakoak aurkeztu zituzten atzo Amaia Agirre alkateak eta Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.

"Horren bitartez, erakundeak indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko duen konpromisoa berretsi nahi du, hori indarkeria estrukturala delako; ezberdintasunean, bereizkerian eta gizonek emakumeen gainean duten boterean oinarritutako indarkeria, giza eskubideak urratzen dituena. Algortako Dendak, GetxoEnpresa eta Romotik Romora entitateen laguntza duen kanpainaren helburuak dira indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatzea, prebentzioaren bidez berdintasunaren aldeko aldaketa-espazioak sortzera laguntzea, baliabideak eta errekurtsoak ezagutaraztea, babes eta defentsa-guneak sortzea eta indarkeria matxistei amaiera emateko gizartearen laguntzak duen garrantzia nabarmentzea", azpimarratu zuen atzo prentsaurrekoan Amaia Agirre alkateak.

Bestalde, Carmen Díaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak azaldu zuenez, “kanpainak ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduei gonbidatzen die indarkeria matxistarik gabeko espazioak sustatzera, hainbat konpromiso hartzearen bitartez, horien artean, jarrera matxistak errefusatzea, publizitate sexista ez erabiltzea, Getxon dauden baliabideak ezagutzera ematea eta hedatzea, eta indarkeria matxistari amaiera emateko Udalarekin kolaboratzea".

Sareagaz bat egiten duten komertzioek bereizgarri bat jasoko dute establezimenduetan toki ikusgarrian jartzeko. Udalak ostalaritzako eta merkataritzako lekuen zerrenda gaurkotuta edukiko du ikusgai webgunean. Atxikimendua udal webgunearen, berdintasuna@getxo.eus edo 944 660 136 telefono zenbakiaren bitartez egin dezakete interesatuek. Orain arte 120 batek eman dute atxikipena eta udalak gainontzekoak batzera animatu ditu.

Gainera, aipatutako establezimenduei gonbita luzatuko diete erakusleihoak azaroaren 22tik 25era beltzez janzteko, indarkeria matxistaren kontrako jarrera salatzeko eta ikusgai jartzeko.

Erradikalak ginen saioa

Azaroaren 20an, 19:30ean, Erradikalak ginen izeneko berdintasunari buruzko bertsoen eta bakarrizketen ikuskizuna ikusi ahal izango da, euskaraz, Algortako Azebarri kultur-gunean, Udalak antolatuta. Saio horretan Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal bakarrizketa-egile eta aktoreak, ikuspegi feministatik eta umorea erabiltzen, hainbat gai jorratuko dituzte, horien artean, berdintasuna, sexualitatea, gorputz aldaketak, zahartzaroa, merkatu patriarkala, intersekzionalitatea, indarkeria eta abar. Ikuskizunerako sarrera doakoa izango da.

Beste jarduera batzuk

Urtero bezala, pankartak puntu lilagaz jarri dira udaletxean, Santa Claran, Areetako Musika Eskolan eta Bizkaia Zubian; era berean, adierazpen instituzional bat proposatuko da onartzeko. Beste jarduera batzuen artean, Mujeres con Voz elkarteak Si vos no hubieras nacido izenburupeko antzezpena antolatu du La Cachada taldearen eskutik, azaroaren 22an, barikuan, 20:00etan, RKEn; Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak emakumeen kontrako indarkeria mota desberdinei buruzko solasaldia antolatu du hilaren 19rako, RKEn; Gizatiar elkarteak bere ohiko elkarretaratzea deitu du azaroaren 25ean, 19:30ean, Bizkaia Zubia plazako puntu lilan, eta ordu berean, baina Areetako Xake plazan, beste bat izango da, Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun