RKEko kafetegiaren ostalaritza-ustiapenerako eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 2an amaituko da

Iker Rincon Moreno 2019ko aza. 19a, 09:23

RKEko kafetegia, barrutik.

Getxoko Udalak onartutako baldintza pleguaren arabera, kontratuaren iraupena 4 urtekoa izango da, eta beste 4 urtez luzatu ahal izango da, behin bakarrik. Pertsona edo enpresa esleipendunak gutxienez 5.100 euro ordaindu beharko ditu urtean, hau da, 425 euro hilean (BEZ barik).

Kafetegia Romo Kultur Etxearen beheko solairuan dago, 162 metro koadro inguruko azalera erabilgarria du eta, eraikinaren barrutik sartzeko sarbide bikoitza izan arren, sarbide independente bat ere badu. Gainera, kanpoaldean terraza bat jartzeko aukera izango du. Baimenari dagokionez, 2. taldeko ostalaritza-establezimendu moduan funtzionatuko du. Hala, gutxieneko irekiera ordutegia hurrengoa izango da: 08:00etatik 22:00etara, astegunetan, eta 09:00etatik 21:00etara, zapatu, domeka eta jaiegunetan (itxita egongo da abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean).

Lokala eraikinaren hirugarren solairuan dagoen Nagusien Etxearen taberna-jantoki gisa ere erabiliko da; kasu horretan, menua ezin izango da 8 euro baino garestiagoa izan, eta menua etxera eroateko aukerak erraztu behar izango dira. Gainera, orotariko produktuez gain, Bidezko Merkataritzako kafea, txokolatea, tea eta azukrea saltzeko aukera eskaini beharko dio jendeari.

Bestalde, baldintza-pleguan ezartzen da kafetegia udal ekipamendu horren gainerako zerbitzuetako bat dela eta Udal Euskara Planagaz bat egin behar duela; horrenbestez, euskara modu normalizatuan eta egunerokoan erabiltzeko eremua izan behar da. Hala, lizitazioan parte hartzen duenak arlo linguistikoan horretarako gaitasuna duela egiaztatu beharko du.

Lokalaren publizitateari, irudiari edo materialei dagokienez, pertsona edo enpresa esleipendunak hizkera ez-sexista erabili beharko du eta berdintasun-balioak dituen irudia sustatu beharko du. Era berean, eta kontratazio eta/edo ordezkapen berriak behar diren guztietan, esleipendunak emakumeak kontratatzeko konpromisoa hartu beharko du.

Behar den informazio guztia udal webguneko Kontratugilearen Profilean (https://eudala.getxo.eus/WebKontratuak/PerfilContratante.aspx?OpcionMNU_Llamado=0886&ChangeIdioma=EU) dago eskuragarri, baita Ondare eta Etxebizitza Sailean ere (Foruak 6; Tel.: 94 466 00 44; e-posta: ondarea@getxo.eus).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun