Maren Goienaga C.D. Galeako entrenatzaileak jasoko du 2019ko Argia Ereiten Euskara Saria

Erredakzioa 2019ko aza. 20a, 12:22

Maren Goienaga, 2019ko Euskara Saria. © GETXOKO UDALA

Euskararen erabilera sustatzea onartzen duen sariak entrenatzaile gaztearen jarrera goraipatu gura du, "bere bizitza pertsonalean zein kirol ibilbidean euskararen aldeko etengabeko jarrera duelako, eta klubetik adierazitakoaren arabera, berari esker, bere taldeko jokalarien arteko euskarazko harremanak eta elkarrizketak areagotu dira". Santurtziko ikastola batean lanean ari den 27 urteko algortar horrek Ibon Garagarza eskultorearen lana jasoko du datorren martitzenean izango den sari emate-ekitaldian. 

Maren Goienaga Madariaga 16 urte zituela hasi zen futbolean jolasten Galean, 24 urte bete zituen arte. Ordutik, entrenatzailea izan da. Sorpresa handia izan da berarentzat saria jasotzea: “Ilusio handia egiten didan saria da, erakusten didalako egin dudan apur horrek jendearengan zerbait piztu duela. Harrigarria bezain polita izan da”. Goienagak eguneroko bizitzan euskararekiko duen jarrera futbol mundura eraman du. Bere hitzetan, “zoritxarrez, horren euskaldunduta ez dagoen giroa da futbolarena” eta taldera heldu zenetik, euskara burbuila bat sortu zuen, eta urteak joan ahala, klubaren barruan izan duen presentzia handitzeagaz batera, helburu finkorik eduki gabe, burbuilaren neurria ere hazi egin da, giroa euskalduntzen lagunduz.

Galea taldean euskaraz berba egiteko gogoa duten pertsonak topatu dituela aitortu du algortarrak, baina ohitura faltagatik, aitzakia bat behar zuten euskaraz egiteko eta aitzakia hori uste du berak "erraztu" duela lehenengo hitza euskaraz egitean. Bere ustetan, Euskaraldiak kontzientziazioa sortu zuen eguneroko bizitzan euskara sustatzeko ohituraren aldeko aldaketa egiteko. 

Ikastolan beharrean dagoela, bertan ikusten du gazte askok mundu akademikoagaz eta beharragaz lotzen dutela euskara eta horrek ezkortasun maila bat sortzen duela. Gazteek gustuko duten ekintzetan, jarduera fisikoagaz edo aisialdiagaz zerikusia duten ekintzetan, euskararen hazia sartzea oso garrantzitsua delakoan dago bera. Esate baterako, uste du oso erantzun ona ematen duela animozko euskarazko hitzak edo esaera zaharrak erabiltzeak. “Hitz horiek asko gustatzen zaizkie gazteei, zuzenak direlako eta, horrela, euskara bizirik mantentzera laguntzen dugu. Adibidez, egoera txar batean Ogi gogorrari agin zorrotza esaera azaldu nuen eta orain, askotan, erabiltzen dugu”, adierazi du Goienagak. Berarentzat oso polita izan da ikustea Galean euskaldunak ez diren asko denboraldiaren amaieran harremanak euskaldundu izatea beragaz, bortxatu barik. “Sariak bultzatuko nau gero eta gogo gehiagorekin jarraitzera egiten duguna egiten, hau da, euskara normaldu bizitzaren arlo guztietan”, amaitu du 2019ko Euskara saridunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun