Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau oparoa prestatu dute Getxon

Erredakzioa 2019ko aza. 25a, 16:30
Algortako Portu Zaharrean egin dute Getxoko Euskararen Egunerako egitarauaren aurkezpena. © GETXOKO UDALA

Datorren urteko Euskaraldiaren aurkezpena, Organik dantza-taldearen ikuskizuna eta Hezurbeltzak taldearen kontzertua, Euskararen Nazioarteko Egunaren jardueren artean.

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunerako Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoan eta Egizu elkarteek elkarlanean antolatutako egitaraua aurkeztu dute gaur eguerdian. Egun horretan hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika berriak sustatzea helburu duen Euskaraldiaren bigarren edizioa ere aurkeztuko dute, eta data horretan Aniztasun funtzionalaren eguna ere dela aprobetxatuta, Amesten elkarteko kideak ere izango dira jardunaldian.  

Euskararekiko konpromiso "argia" duela adierazi du gaur Getxoko Udalak, "Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak agerian uzten duenez". Bere helburuen artean dago herriko esparru guztietan euskararen erabilera normalizatzea. Horretarako sustatzen dituen jardueren bitartez, Euskaraldian parte hartzea bultzatuko du, hizkuntzaren erabilera biderkatzeko.

"Une berezian gaude, urte bat igaro delako Euskaraldiaren lehenengo edizioa ospatu zela eta urtebete falta delako hurrengoa ospatzeko. Oraingoan herritarren eta entitateen arteko sareak osatzen saiatuko gara. Getxoztarrontzat sarea betiko tresna da; gauza askotarako balio duena baina baita  pertsona eta entitateen arteko lotura irudikatzeko ere erabili ahal duguna eta horregatik herritarrak animatzen ditugu, Euskararen Nazioarteko Egunean, Algortako San Nikolas plazan, egin nahi dugun sarean parte hartzera, Euskal Herriko txoko guztietan egingo den moduan. Getxo prest dago Euskaraldiaren bigarren edizioan lan egiteko, Getxo herri presta dugulako. Horren adibidea egingo dugu orain, Iker Goñi Getxo Gaso gasolindegiko gerentearen eta Ruth San Cristobal Amesten elkarteko kidearen laguntzarekin, horiek entitateen izenean", nabarmendu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak.

Abenduaren 3ko jarduerak

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekintza egongo dira egunean zehar. 9:00etatik aurrera euskaltegietako ikasleentzat kantu-karaoke-gosaria izango da Muxikebarrin, eta goizean zehar Getxoko ikastetxeetan ikasleen batukada egongo da.

Abenduaren 3a aniztasun funtzionalaren eguna ere denez, aipamen berezia izango da Amesten elkartekoentzat, egunean zeharreko ekintzetan bat egingo baitute. Arratsaldeko egitarauari dagokionez, ekintzak 18:00etatik aurrera izango dira, Algortako San Nikolas plazan, 2020ko Euskaraldiaren aurkezpen bateratua egingo baitute Bizarra Lepoan, Egizu eta Getxoko Udalaren artean. Aurkezpen horretan, 2018ko Euskaraldiko bizipenak partekatu eta 2020an egingo den Euskaraldiko desioak saretzeko aukera izango dute getxoztarrek”, azaldu dutenez. Ondoren, Organik dantza-taldearen ikuskizuna egongo da, eta horren ostean Getxoko ikastetxeetako ikasleen batukada. Azkenik, plazan bertan, familia-argazkia atera ondoren, mokadutxo bat konpartitzeko aukera izango da. Ekitaldiari amaiera emateko, 20:00etan Muxikebarrin, Hezurbeltzak taldearen kontzertua izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun